Lezo Gipuzkoa ipar-ekialdeko herri txiki polit bat da (ikusi google maps-en). Ez lezoarrok esaten dugulako bakarrik. Askorentzako ezezaguna den arren, oso herrigune erakargarria dauka eta, horregatik, hona lehenbizikoz etortzen den jende asko, ingurukoa izan arren, harritu egiten da.
Gure herriak Oarsoaldea bailara osatzen du Errenteria, Pasaia eta Oiartzunekin batera. Iparraldean Jaizkibel mendiarekin egiten du muga, mendebaldean Pasaiako portuarekin, ekialdean Gaintxurizketako gainarekin, eta hegoaldean Errenteriarekin eta Oiartzun errekarekin.
Gure arbasoak nekazaritzatik eta itsasotik bizi izan dira. Gaur egun ordea, portuaren aktibitateak gugan zuzeneko eragina duen arren, itsasoari bizkar emanda bizi gara ia, besteak beste, ez baitugu uretarako sarbide zuzenik. Nekazaritza ere nabarmen jaitsi da azken hamarkadetan, eta industriari egin dio lekua.
Hala ere, lezoarrak harro gaude industriak eta azpiegiturek jan ez gaituztelako. Mendeetan zehar artzainek eta abeltzainek zaindu eta landutako lur asko hor daude oraindik, eta hor dago Jaizkibel, ukitu gabe ia. Horri esker, oraindik ere hortik bizi daiteke jendea, dela landa-turismoaren bidez, edo lehen sektoreko esplotazioei esker; eta gainera, lezoar guztiontzako aisialdi eta osasun gune da. Gure birika.
Lezoarrok gertu dugu Gipuzkoako hiriburua, Donostia (10km). Baina, pozik esan dezakegu eguneroko bizitza herritik atera gabe egin dezakegula herrian ditugun zerbitzuei esker: hezkuntza, kirol-instalazioak, osasun-etxea, musika eskola...
Ongi bizi gara Lezon, bizi-kalitate handiko herria da, baina horrek ez du esan nahi etorkizunera begira dena bere horretan utzi nahi dugunik, ez. Beti dago zer hobetua, eta herritarron beharrak ere aldatzen joaten dira urteekin. Horregatik, gure nahia unean-unean udalean dagoenak horri kasu egitea da, baina ongizatea errespetatuta. Aldaketak egin, baina gure osasunaren, ekonomiaren eta ingurumenaren onerako. Etorkizunean gure burua Lezon ikusten dugu.
Herria zenbakitan ezagutu nahi baduzu hemen duzu Eustatek egindako azterketa.
- Batetik, egungo errealitate estatistikoa eta bilakaera historikoa bildu dituzte. Sartu hemen horiek ikusteko.
- Bestetik, grafikoetan bildu dituzte herriko adierazleak. Hor lanaren, ekonomiaren, errenten eta abarren berri ematen dute. Sartu hemen dokumentua ikusteko.