Jai batzordeko bi kiderekin elkartu gara eta lezoarrentzako bi mezu utzi dituzte: «jaietan gehiago parte hartzeko» eta gazteentzako bereziki «ondo pasatzeko, baina pasa gabe».
Maiatzaren 25etik 27ra ospatuko dira Lezoko Mendekoste jaiak eta, urtero bezala, adin eta gustu guztientzako egitaraua antolatu du jai batzordeak.
Aipagarria da, aurten, udalak eta jai batzordeak jai "xume eta herrikoiagoak"egitea erabaki dutela eta hori lortzeko herriko elkarteek borondate eta inplikazio handiagoa erakutsi dute.
Aurtengo jaietaz hitz egiteko jai batzordeko partaide diren Gurutze Alberdi eta Javi Arruabarrenarekin elkartu gara. Gurutze, Dantzazaleok taldeko kidea da eta Javi, berriz, Hezikuntz taldekoa.
Noiz hasi zineten herriko jaiak antolatzen?
G. Duela bi hilabete ta erdi egin genuen lehenego bilera, martxoaren 13an. Ordutik beste bi aldiz batu gara. Martxoaren 20an bigarrenez eta apirilaren hasieran azkenengo bilera egiteko.
Zenbat bilera egiten dituzue urtean zehar?
J. Urtean zehar Ihauteriak, Mendekosteak, Santa Krutzak eta Gabonak antolatzen dira jai batzordetik. Zortzi eta hamar bilera artean egiten dira batazbeste.
Nola banatzen dituzue zereginak?
G. Elkarte bakoitzak gure proposamenak aurkezten ditugu eta denon proposamenak entzun ondoren, guztion artean hartzen ditugu erabakiak.
Aurten, ahalegin berezia egin duzue aurrekontua murriztuz egitarauari eusteko. Nekezagoa izan da aurtengo jaiak antolatzea ala elkarteen partetik laguntza eta jarrera ona nagusitu da?
J. Aurten Mendekosteko jaiak herrikoiagoak egin nahi ziren, Lezoko herritarren parte-hartze zabalagoa bilatuz. Taldeei hori proposatu zitzaigun eta denak ados egon ginen. Hemendik aurrera horrela egin behar direla uste dugu denok.
Hori dela eta, talde desberdinek jarrera ona azaldu dute eta aurrekontu txikiagoarekin egitaraua mantentzea lortu dugu.
Zein ekitaldi azpimarratuko zenukete? Berrikuntzarik?
G. Lezoko Dantzazaleok taldeak antolatuko dugun aintzinako euskal ezkontza azpimarratuko nuke, hau baita aurten dagoen berrikuntzetako bat.
Zein aurrekontu dute aurtengo jaiek? Iazkoarekin alderatuta?
J. Aurtengo aurrekontua, gastu guztiak kontutan hartuta, 20.142 eurokoa da eta iazkoa 24.482,14 eurokoa. Beraz, 4342.14 euro aurreztea lortu dugu.
Zer esango zeniekete lezoarrei?
G. Herriko jaietan gehiago parte hartzeko esango nieke lezotarrei.
J. Orokorrean herritarrei ahalik eta ekintza gehienetan parte hartzeko eta disfrutatzeko. Gazteei bereziki, jaietan ondo pasatzeko, baina “pasa gabe”.