Herritar-talde baten ekimenari esker, ekainetik aurrera, hileko lehen larunbatetan, bigarren eskuko azoka egingo da Saldise plazan, 10:00etatik 14:00ak bitarte. Abuztua izango da azoka egingo ez den hilabete bakarra.
Hogei postu fijo inguru egongo dira eta bisitariak denetarik erosteko aukera izango du: liburuak, diskak, antigoaleko gauzak, bitxiak, arropa, zapatak, jolasak… Lezoarrek produktuak erosteko aukera ez ezik, jada erabiltzen ez dituzten objetu erabiliak saltzeko aukera ere izango dute.
Postua jartzeko baimena eskuratzeko nahikoa izango da azoka egingo den asteko osteguna baino lehen udaletxeko 943-524650 zenbakira deitu eta datuak ematea. Kasu honetan, lehengo azoka ekainaren 2an izango da, beraz, eskaera maiatzaren 31 baino lehen egin beharko litzateke. Postua jartzea doakoa izango da.
Lezon ez ezik, hileko hirugarren igandean, Errenterian ere egiten da 2. eskuko azoka.
Ideiaren jatorria
Azoka hori posible egin duten pertsonetariko bat Txema Matias da. Kide gehiagorekin batera, Txema sarritan joaten da Iparraldera mota honetako azokak bisitatzera. Bera eta bere lagunek bezala, inguru hauetako pertsona ugarik ere berdin egiten zutela ohartu ziren eta, horrela, azoka Oarsoaldeko herrietan egitea ideia ona izan zitekeela pentsatu zuten. Txemaren hitzetan, «zenbat eta azoka gehiago egon, jendeak behar ez dituen gauzak saldu eta beharrezkoak dituenak erosteko aukera gehiago» izango duelako.
Proiektua aurrera eraman eta Lezoko Udalean aurkezteko, Oarsoaldeako Garapen Agentziaren laguntza izan dute, bereziki Jon Samaniegorena. Txemaren hitzetan « laguntza hori erabakigarria » izan da eta Lezoko Udalak ere «uneoro kolaboratu du».
Bigarren eskuko azoken abantailak
Bigarren eskuko azoken alderdi positibo asko aipatzen dizkigu Txemak. Alde batetik, « herritarrak, behar ez dituzten baina erabilgarriak diren objektuez libra daitezke eta erabiliko dituzten beste batzuei saldu ». Bestetik, « merkatu horietan garai bateko gauza bitxiak aurki ditzakegu, bildumazaleentzat ere oso interesgarriak izan daitezkeenak ».
Azkenik, Txemak dioen bezala, ezin dugu ahaztu azoka horiek eskualdeari bizitasuna ematen diotela. « Herriko nahiz hiriko plazatik paseatzea postuak ikusiz eta jendearekin hitz eginez atsegina da ».
Azken garaian, 2.eskuko azokak ugaritu dira. Azoka horien helburua gaur egungo kontsumo-kultura aldatzea da eta herritarren parte-hartzea bultzatzea, azoka pluralagoak bilatuz.
Beste asko bezala, Txema birziklatzearen aldeko da. Bere esanetan, « kontsumitu eta botatzearen kulturak ez gaitu inora eramaten» Amaitzeko, guztiontzako galdera bat luzatu digu Txemak: zenbat gauza ditugu etxean zaborrontzian bukatuko dutenak eta beste norbaitek erabiliko lituzkeenak ?