PAREKIDETASUNA BULTZATZEKO LOGO LEHIAKETA

Ar, 2013-04-09 14:51

Oarsoaldeko Udalek jaietan parekidetasuna bultzatzeko logo lehiaketa antolatu dute. Oarsoaldeko edozein Udaletako erregistroan aurkeztu daitezke lanak, apirilaren 25a baino lehen.

Jai giroan parekidetasuna egokien agertzen duen logoa hautatu nahi da Oarsoaldeko Udalek elkarlanean antolatu duten lehen logotipo lehiaketan. Oarsoaldeko udaletako lau ordezkarirekin batera lau herrietako (Errenteria, Lezo, Oiartzun, Pasaia) emakumeen taldeetako lau kidek osatuko duten epaimahaiak emakumeen parte hartzea sustatzea, indarkeria matxistari aurre egiteko elkartasuna bultzatzea, herritar guztientzako gozagarria izango den jai giroa aldarrikatzea eta jaietan aniztasunaren aldeko errespetua irudikatzea baloratuko dituzte aurkezten diren lanetan.

Apirilaren 25a baino lehen aurkeztu daitezke lanak lau herrietako udal erregistroetan. 4 egun beranduago, apirilaren 29an, elkartuko da epaimahaia eta egun berean irabazlearen izena iragarriko du.

Lehiaketaren irabazleak 400 euroko saria jasoko du eta Oarsoaldeko hamar lanik onenek ere saria izango dute. Musika kontzertu edo antzezlan bat ikusteko bina sarrera jasoko dituzte 18 urtetik gorakoen bost lanik onenek; 18 urtetik beherako bost lanik onenek zinemarako bina sarrera erdietsiko dituzte.

Lehiaketan edonork har dezake parte eta parte-hartzaileek original bat baino gehiago aurkez ditzakete. Beti ere, JPG edo TIFFS formatuan aurkeztuz lanak, eta 300ppp-ko gutxieneko bereizmenarekin. Lanak egilearen izenik gabe aurkeztu beharko dira, gutunazal itxian. Beste gutunazal itxi batean jarriko dira egilearen datuak: izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa eta telefono-zenbakia.

 

 

 

Arloa edo saila