Martxoan bi bilera egingo dira Kultur Etxean; hilaren 10ean eta 24an
Ainhoa Zabalo alkateak eta Dami Muñoz Ongizateko arduradunak Lezoko II. Berdintasun Plana diseinatzeko prozesua aurkeztu dute gaur eguerdian. Parte hartze prozesua izango dela aurreratu dute, ordezkari politikoekin, udal-teknikariekin eta herritarrekin gauzatuko dena. Prozesua Elhuyar Aholkularitza enpresak gidatuko du.
Duela hiru urte, emakumeen eta gizonezkoen berdintasun egoera hobetzeko helburuarekin, Lezoko Udalak I. Berdintasun Plana onartu zuen, besteak beste, herriko egoeraren diagnosia egin ondoren. Plan hartan 2011-2014 bitartean gauzatzeko ekintzak jaso ziren. Planaren indarraldia amaitzear dagoen honetan, Udalak prozesua ebaluatzea eta II. Berdintasun Plana diseinatzea erabaki du. Elhuyar Aholkularitza arduratuko da lan hori egiteaz, ekainera arte luzatuko den prozesuan.
Ebaluazioa prozesuaren helburua bikoitza da: batetik, gaur egungo egoeraren argazkia aterako da, eta bestetik, etorkizuneko Berdintasun Plana diseinatuko da. Egoeraren argazkia ateratzeko hiru ardatz aztertuko dira: I. Berdintasun Plana zenbateraino gauzatu den, garatutako ekintzen bidez helburuak lortu diren eta Udaleko arloek eta sailek genero ikuspegiarekin lan egiten duten.
Etorkizunera begira, berriz, helburu hauek gauzatu nahi dira: hurrengo urteetarako egitasmoak zehaztuko dira; ekintzak aurrera eramateko baliabideak eta aukera neurtzea, helburu errealistak jarriz; udaleko teknikariak eta politikariak inplikatzea; herritarrak Planaren diseinuaren eta garapenaren parte sentiaraztea; udal zein herri mailan egiturak indartzea eta berdintasun planaren arrakasta lortzeko baldintza egokiak sortzea.
Eragile ezberdinen partehartzea
I. Berdintasun Planaren ebaluazioa eta II. Berdintasun Planaren diseinua egiteko hiru lantalde osatuko dira: herritarrena, udal-teknikariena eta ordezkari politikoena. Talde bakoitzak bere funtzioak beteko ditu.
Politikariekin eta teknikariekin egin dira lehenengo bilerak, eta martxoan zehar, bi bilera egingo dira herritarrekin: lehena, datorren astelehenean, hilak 10, eta bigarrengoa martxoaren 24an –apirilean eta maiatzean talde guztiekin bilera gehiago egingo dira–. Bilerek bi orduko iraupena izango dute, 18:30etatik 20:30etara.
Bilera horietan, herritarrekin osatutako lantaldearen funtzioak lau dira: orain arte Lezon berdintasunaren inguruan egin den bidearen inguruan hausnartzea eta eztabaidatzea; datozen urtetan Lezon, berdintasunaren eremuan egin beharreko lanaran inguruko proposamenak egitea (helburuak eta ekintzak); herritarren egitura baten sorreraren inguruan hausnartzea (izaera, funtzioak, antolamendua…); eta II. Berdintasun Planaren zirriborroa kontrastatzea.
Bilera guztiak amaituta, II. Berdintasun Plana uztaileko lehenengo hamabostaldian aurkeztuko da.
Herritarren parte-hartzea
Ainhoa Zabaloalkateak beharrezkotzat jo du Berdintasun Plana, “emakume eta gizonen arteko berdintasunean urratsak ematen lagunduko digulako, batez ere etorkizunean bideratu behar ditugun politikak zehazteko”.
Zentzu horretan, Lezoko Udala berdintasunaren esparruan “konpromisoak hartzeko prest” dagoela adierazi du alkateak. Eta adibideak jarri ditu: Berdintasun Plan bera; Udal aurrekontuak –berdintasunera bideratutako diru-partida 1.600 eurotik 6.000 eurotara igo da; autodefentsa ikastaroak, eta abar.
Berdintasun Plana parte-hartze prozesuen baitan kokatu du Ainhoa Zabalo alkateak. Eta 2014an zehar hiru parte-hartze prozesu garatuko dituztela aurreratu du: Berdintasun Plana, auzo ekipamenduarena eta kiroletakoa. “Sinetsita gaude parte-hartze prozesuak aberasgarriak direla, eta herritarren ekarpenak kontuan hartu beharrekoak”.
Gauzak horrela, herritarrak gonbidatu ditu datorren astelehenean, martxoaren 10ean, Berdintasun Planaren baitan antolatu den bilerara. “Norbanakoak eta elkarteak, guztiak daude gonbidatuta, eta guztien iritziak dira interesgarri, edozein esparrutakoak izanda ere”.