Berdintasuneko II. Plana astelehenean, urriak 13, aurkeztuko da

Og, 2014-10-09 11:23

Kultura aretoan egingo da, 18:00etatik aurrera; aurkezpen irekia izango da, herritar guztiek izango dute bertan egoteko aukera

Elhuyar Aholkularitza enpresak amaitu ditu Lezoko I Berdintasun Planaren ebaluazioa eta Berdintasuneko II. Planaren diseinua, eta datorren astelehenean, urriak 13, jendaurrean aurkeztuko ditu, Kultura aretoan 18:00etan egingo den ekitaldi irekian.

Martxotik hona egindako ebaluazioak bi xede nagusi izan ditu: batetik, 2011 urteaz geroztik –urte horretan Lezoko emakume eta gizonen egoerari buruzko Diagnostikoa egin zen– egin den lana ikusgarri egitea, balioa ematea eta egindako lanaren eta lortutako emaitzen inguruko balantzea egitea.

Eta, bestetik, aurrera begira berdintasunaren aldeko politikak egiteko garaian jarraitu beharreko lan ildoak identifikatzea.

Herritarrei bertaratzeko deia
Lezoko Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu aurkezpen ekitaldira, “azken finean herritarrak direlako protagonista nagusiak, eta neurri batean, Berdintasun Planean jasotzen dena gauzatu ahal izateko giltzarria daukatenak”.

Aurkezpena amaituta, mokadu arteko solasaldia izango dela aurreratu dute Udaletik. “Luntxa jarriko dugu, eta gure nahia da tertuliarako giro egokia sortzea”.
 

Arloa edo saila