“Kontsumoa” langai ikasturte berrian

Az, 2012-10-03 13:46

Lezoko eskolek “kontsumoa” gaia aukeratu dute Eskola Agenda 21ean lantzeko ikasturte berri honetan.

Agenda 21 programa abiarazten den 5. urtea da aurtengoa eta Lezoko Herri Eskolak eta, iaz bezela, bai Lezoko Institutuak bidelagun izango dituzte Pasaia Lezo Lizeoak herrian duen hezkuntza zentroko ikasleak.

2012/2013 ikasturte honetan, Lezoko eskola komunitateak KONTSUMOA izango dute hizpide. Abiapuntu bezala, aurreko ikasturteetan landutako gaien errepasoa egingo dute, Ura, Energia, Hondakinak eta Biodibertsitatearen inguruan hartutako konpromisoak nola betetzen ari diren aztertzeko.

Era berean, udalerrian eragina izango duen hondakinen bilketa-sistema berriaren inguruan ere arituko dira. Horretarako, etxeko hondakin poltsaren osaketa, hondakin horiek biltzeko eta kudeatzeko modu ezberdinak, eta beste herrietako esperientziak ezagutuko dituzte. Horren adibide, urrian, eskolek Oiartzungo eskoletako ordezkariekin bilduko dira, herrian hondakinen atez ateko bilketak eskolaren egunerokotasunean eta eskola komunitatean izan duen eragina ezagutzeko.

UDALEAN ERAGINA

Baina ez dugu ahantzi behar eskolek egindako lanak Udal jardueretan ere eragina duela. Izan ere, Eskolako Agenda 21 programari esker, eskolek, urtero, hautatutako ingurumen aldagaiari buruzko azterketa egiten dute bai eskolan bai herri mailan, eta sumatutako gabeziak edo hobekuntza beharrak helarazten dizkiete udal-ordezkariei. Udalak, bere aldetik, hurrengo ikasturtearen hasieran aurkeztutako zerrendari erantzuna emateko konpromisoa hartzen du.

2011/2012 ikasturte amaieran Biodibertsitatearen inguruko hobekuntza premien eta eskaeren zerrenda aurkeztu zioten Udalari eta, orain, udal-ordezkariek ikasleek aurkeztutako dokumentuari erantzuteko unea iritsi da. Horretarako, azaroaren 6an, goizeko 11:30ean, eskoletako ikasleak lehen Udal-Foroa izango dute Gezala Auditoriumean, aurtengo prozesuan sakondu aurretik, iazko gaiari itxiera emateko.

 

Lezoko Eskola Agenda 21 programari buruzko informazio gehiago aurkituko duzue webguneko orrialde honetan.

Arloa edo saila