Hasi dira Altamirako parkean linea elektrikoa lurperatzeko lanak. Obra horri esker 40 zuhaitz moztea sahiestuko da, izan ere, segurtasun arrazoiak direla eta moztu behar ziren.
106 metro linealeko tentsio erdiko linea elektrikoa lurperatuko da, Lezoko igerilekutik Instituturaino doan zatian. Potentziaren aldaketa dela eta, beharrezkoa zen linearen azpian 10 eta 20 metro bitarteko zerrendan zuhaitzak kentzea. Zuhaitz mozketa ekiditeko, Udala eta Iberdrola linea lurperatzeko lanen kostea partekatzea akordatu zuten.
Altamira Lezoko parke garrantzitsuenetarikoa da. 55.000 metro karratuko azalera dauka, eta bertan zuhaiztiak dira nagusi. Lorategietako espezie batzuk aurkitzen baditugu ere, zuhaitz gehienak autoktonoak dira, besteak beste, haritzak, astigarrak, urkiak, hurritzak, zumarrak, lizarrak, eskiak,… Naturaren ikuspegitik balio potentzial handia duen eremua da, eta, horregatik, Udalak parkearen bioaniztasuna hobetzeko hainbat ekimen burutu ditu, hala nola, bertako zuhaixken landaketa eta landare inbaditzaileen ezabaketa.