Bioaniztasunaren inguruko eskaerei Udalak emandako erantzuna eta ikasturte honetan jorratuko den gaia azaldu dituzte ekitaldian.
2011/2012 ikasturte amaieran, Lezoko Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten ikasleek biodibertsitatearekin zerikusia zuten hainbat eskaera aurkeztu zizkioten Udalari, besteak beste: herriko parke eta lorategien zaintza, biodibertsitatearen kontserbazioa, Eskola-Baratza proiektuan laguntzea, espezie exotikoen aurkako neurriak ezartzea, animalien abandonua ekiditeko neurriak hartzea, …
Ordutik hona, udal ordezkariak eskaera horiek aztertzen jardun dute, ikasturte hasieran Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleei merezia duten erantzuna eman ahal izateko.
Modu honetan, azaroaren 6an Gezala Aretoan egindako Batzarrean, Leire Betetak (Udaleko Ingurumen Teknikaria) eta Eneko Lartigek (Ingurumen Zinegotzia) azaldu dute, besteak beste, herri-baratzeen proiektua abian dagoela, landare inbaditzaileen aurka ekiteko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean ari dela Udala, Hirigintza Plan Orokorrean bi pasabide ekologiko barneratu direla edota abandonatutako animalia bat aurkituz gero zer egin dezaketen herritarrek.
Ekitaldian zehar ere, beren esperientziak kontatzeko aukera izan dute bertan izan diren ikasleek.
LEZOKO ESKOLAKO AGENDA 21 HEZKUNTZA PROGRAMA
Bost urte daramate Lezoko Udalak eta ikastetxeek Eskolako Agenda 21 programa garatzen. Ibilbideari bi eskolek heldu bazioten ere (momentuan herrian bi besterik ez zirelako), dagoeneko hiru dira programa honetan murgildutako eskolak: Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua eta Pasaia-Lezo Lizeoa.
Honez gero, ura, energia, hondakinak eta biodibertsitatea aztertu dituzte eta, bai eskolan, herrian, zein etxean, hainbat alderdi hobetzeko beharraz jabetuta, urtez urte, hainbat konpromiso hartu dituzte.
Ikasturte honetan, Kontsumoa eta Hondakinak izango dituzte hizketa-gai. Egindako lana eta emaitzak Udalari aurkeztu asmoz, maiatza aldera berriz ere elkartzea aurreikusten dute ikasleek.