Lezoarra bazara eta lur mutur bat baduzu, oraintxe duzu autokonposta egiten hasteko garaia. Autokonposta egin nahi baduzu, udalak laguntza osoa eskainiko dizu:
- autokonposta-kaxa doan utziko dizu
- autokonposta egiten ikasteko ikastaroa doan eskainiko dizu
- autokonposta martxan jarri ondoren, aholkularitza eta laguntza eskainiko dizu, eta jarraipena egingo du.
- hondakinen tasan %40ko hobaria izango duzu.
Zabalik dago ikastaroan izena emateko epea
Autokonposta egiten hasi nahi duten lezoarrek, ezer baino lehen, ordu eta erdiko ikastarotxo bat egin beharko dute. Ikastaro horretan, autokonposta egiten ikasteko trukoak eta aholkuak jasoko dituzte eta zalantza guztiak argituko dira. Eduki horiekin osatutako gida ere banatuko da ikastaroetan. Ikastaroak elebitan eskainiko dira.
Ikastaroan izena emateko epea otsailaren 14a bitarte egongo da zabalik. Udaletxeko erregistroan bertan ematen da izena.
Izena ematen duen familia-kopuruaren arabera zehaztuko dira ikastaroen egunak, baina aurreratu daiteke, seguru asko, hilabete honen amaieran izango direla.
Zer da autokonposta?
Autokonposta, norberaren etxeko hondakin organikoak (sukaldeko hondarrak, sukaldatuak zein gordinak) etxean bertan tratatzeko modua da. Behar den gauza bakarra lur mutur bat da, autokonposta-kaxak lurrarekin kontaktu zuzenean egon behar baitu.