Etxeko konposta bultzatzeko kanpaina, abian

Al, 2013-03-11 15:32

Atez ateko bilketaren baitan, Lezoko Udalak etxeko konposta bultzatzeko kanpaina hasi du. Jada 55 familiak eman dute izena autokonposta ikastarorako. Oraindik izena eman ez duten eta interesa duten herritarrek martxoaren 15a arte eman dezakete izena.

Etxean konposta egiten ikasteko Udalak doan eskainiko dituen ikastaroetako lehen txanda martxoaren 20 eta 21ean egingo da. Ordu bete inguruko iraupena izango dute saioek. 19:00etatik aurrera, Kultura Aretoan, atez ateko informazio bulegoa zabaldu den leku berean egingo da lehen autokonposta ikastaroa. Ikastaroan parte hartzen dutenek, martxoaren 22an, ostiralean, eskuratu ahalko dituzte konpostatzeko kaxak  atez ateko informazio bulegoan (09:00-13:00// 16:00-19:00).

Izena emateko aukera martxoaren 15a arte

Autokonposta egiten ikasteko ikastaroetan izen emateko epea martxoaren 15a arte dago zabalik.

Izena emateok bideak hauek dira:

  • Udaletxeko erregistroan
  • Kultura Aretoan zabaldu den informazio bulegoan
  • Telefonoz: 943 52 15 38
  • Emailez: atezate@lezo.net

Etxeko hondakinen %40 inguru da materia organikoa

Etxeko konposta atez ateko bilketa sistemaren zutabe garrantzitsuenetariko bat izanik, Udalak antolaturiko bi hilabetetako parte hartze prozesuan behin eta berriz hitz egin zen herritarrek beren hondakin organikoa kudeatzeko aukerari buruz. Udalak etxean konposta egin nahi zuten herritarrei ahalik eta erraztasun gehien emateko konpromisoa agertu zuen. Doako ikastaroen ostean, konposta-kaxak banatuko dira eta udal aholkularitza teknikoa eskainiko zaie etxean konpostatzeari ekiten dieten herritarrei.

Gainera, beren materia organikoa etxean bertan konpostatzen duten lezoarrek %40ko hobaria izango dute hondakinen tasan. Izan ere, Udalak ez ditu bere gain hartu beharko familia horien hondakin organikoen bilketa eta tratamendu gastuak.

Ainhoa Intxaurrandieta udal zinegotziak eta atez ateko informazio bulegoan lanean diharduen Irati Aranburuk gidatuko dute ikastaroa.

Arloa edo saila