Atez Ateko informazio bulegoa behin betikoz itxi da

Al, 2013-09-02 11:26

Udalak orain arteko zerbitzua bermatua dagoela baieztatu du

Kultur Aretoko Atez Ateko informazio bulegoak atea itxi du behin betikoz. Hemendik aurrera, informazio bulegoak eskaintzen zuen zerbitzua puntu ezberdinetan emango da. Edozein kasutan, herritarren beharrak aseko direla baieztatu dute Lezoko Udaletik.

Hemendik aurrera, beraz, Atez Ateko Hondakinen bilketa sistemaren inguruko zalantzak, kezkak, iradokizunak eta abar ohiko telefono zenbakian (943 52 43 80) edota posta elektronikoan erantzungo dira (atezate@lezo.net). Ingurumen Zerbitzuak hartuko du horren ardura.

Udaleko Informazio Orokorrean, berriz, beharrezko materialak banatuko dira: poltsak, kuboak, gidak, imanak, kodeak, eta abar. Era berean, intzidentziak, kexak, eskaerak eta salaketak jartzeko bertara joan beharko da. Bulegoaren ordutegia goizeko 8:00etatik eguerdiko 13:30etara da.

Azkenik, hondakinak Garbigunera eramaten dituzten herritarrek txartelak Udaltzainen bulegoan aktibatu edo desaktibatu beharko dituzte.

Galdera ohikoenak

Atez Ateko hondakinen bilketaren inguruko galdera ohikoenak bildu ditugu lagungarri izango zaizkizuelakoan.

Zer egin behar dut txartela aktibatzeko?

Udaltzainen bulegora joan eta iraungitze data grabatu.

Noiz eta nora atera behar dira altzariak?

Asteazken iluntzetan, ohiko lekuetara (beirazko eduki-ontzien ondoan).

Garbiguneak. Non daude eta zein ordutegi daukate?

  1. Oiartzungoa, Talaia industrialdean.
  • Ordutegia. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik-13:00etara eta 15:00etatik 20:00etara. Larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara
  1. Garberakoa.
  • Ordutegia. Asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13.00etara eta 15:00etatik 20:00etara. Larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

San Markoko Bilketa Bereziko kamioia noiz dator? Non jartzen da?

Hileko lehenengo ostegunean, goizez (9:00etatik 13:00etara). Eta hileko azkeneko ostegunean, arratsaldez (16:00etatik 19:30etara). Pikukalen jartzen da.

Nora bideratu behar dira kexak eta eskariak?

Udaleko Informazio Bulego Orokorrera, dagokion eskaera orria bete ondoren.

Poltsa konpostagarriak bukatu zaizkit. Nola lor ditzaket?

Poltsak errefusarekin erabiltzeko banatu ziren. Organikoarekin erabiltzeagatik bukatu bazaizkizue, aurrerantzean erosi egin behar dira –herriko hainbat dendatan salgai daude: Aliprox, Arruti Ahizpak, Maribel janari-denda (Ijurkon), June drogeria (Zubitxo) eta Carrefour–.

Pegatinak zein ondorio dauzka?

Pegatina abisu bat baino ez da, zerbait dagokion lekuan bota ez dela jakinarazteko. Ez da ezer gertatzen. Printzipioz isunik ez da jarriko. Isunak soilik nahita egindako muturreko kasuetan jarriko dira. Oraindik ez da isunik jarri.

Konpostagailuak iritsi al dira?

Ez. Momentuz gaia geldirik dago.

Jai egunetan bilketarik izango al da?

Bai, dagokion atala beti bezala bilduko da. Altzarien kasuan, jaieguna osteguna bada, altzariak asteazken gauean atera beharrean ostegun gauen atera beharko dira, ostiralean bilduko baitira.

Arloa edo saila