Larunbatean, uztailak 5, egingo da 10:30etatik 12:30etara
Lezoko Udalak eta Kutxa Ekoguneak antolatuta, Lezoko Baratze Parkeko I. Azokatxo Eguna egingo da datorren larunbatean, uztailaren 5ean.
Antolatzaileek aditzera eman dutenez, ekimenarekin hiru helburu bete nahi dira: batetik, Baratze Parkeko erabiltzaileek dituzten zalantzak argitzea eta ezagutza maila areagotzea; bestetik, erabiltzaileen arteko harremana eta ezagutzen trukea bultzatzea; eta azkenik, Baratze Parke Sareko bestelako Baratze Parkeekin kontaktua ahalbideratzea.
Ikastaroa eta bestelako jarduerak
Helburu horiek bete nahian, goiz osoko egitaraua antolatu dute. Baratze Parke sareko erabiltzaileentzat Tomate-landareen zainketa ekologikoa izeneko ikastaro praktikoa antolatu dute. Besteak beste, tomatearen lan beharren inguruan edo-eta tomateak osasuntsu mantentzeko metodo ekologikoei buruz ariko da Aitziber Otegi Aburuza, hiri baratzetan eta tontorrean egindako konpostan aditua.
Hitzaldian parte hartzeko beharrekoa da aurrez izena ematea formulario hau betez edo 943 55 20 20 telefono zenbakian. Ikastaroa doakoa da.
Ikastaroaz gain, produktu eta landare ekologikoen salmenta postuak jarriko dira, eta familiarekin gerturatzen diren erabiltzaileen seme-alabentzat tailerrak izango dira.
Lezoko I. Azokatxo Egunaz gain, Ekogunetik aurreratu dute urtea amaitu aurretik beste bi saio egingo dituztela. Urrian, Ekogunean bertan izango da eta eta aukeratutako gaia “Udazken neguko baratzaren plangintza” izango da. Abenduan, berriz, Alegian egingo da. “Neguko ongarritzea eta partzelen prestaketa udaberrira begira”, horixe da hizpide izango duten gaia.