Auzokonposta nola egin ikasteko formazio saioak

Og, 2014-10-30 14:51

Momentuz hiru ikastaro antolatu dira; azaroaren 5ean, 6an eta 8an

Auzokonposta kanpainak aurrera jarraitzen du, eta datorren astean hirugarren fasean sartuko da. Datorren azaroaren 5ean, auzokonposta nola egin ikasteko formazio saioa izango da, 19:00etan Musika Eskolan. Eta hurrengo egunean, azaroaren 6an, bigarrena egingo da Kultura aretoan. Azaroaren 8an, larunbatean, berriz, hirugarrena egingo da, Kultura aretoan hau ere.

Lehenengoan, azaroaren 5ekoan, Lopeneko, San Pedro Pisbeko, Arretxene Txulotxoko eta Altamirako bizilagunak daude gonbidatuta. Bigarrengoan, azaroaren 6koan, Aralar Kaleko eta Alde Zaharreko bizilagunak. Lehendabiziko bi saio horietara joaterik ez daukatenentzat antolatu da hirugarrena. Egun horretan, gainera, Alde Zaharreko konposta gunera egingo da bisita. Saio hori goizeko 10:00etan hasiko da.

Elkarrekin21 Ingurumen Aholkularitzak emango ditu saioak. Bertan, materia organikoa konpost bihurtzeko teknika azalduko da. Hiru saioetan alderdi teorikoa azalduko da ordu betez; larunbatekoan, teoriaz gain, praktika jorratuko da. Horretarako Alde Zaharreko auzokonposta gunea bisitatuko da.   

Izen-ematea, zabalik
Momentuz, Ingurumen Sailetik emandako datuen arabera, 60 familia baino gehiagok eman dute izena auzokonposta egiteko –egokitu diren sei gune horietan 120 familiek egin dezakete auzokonposta–.

“Pozik gaude kopuruarekin; lehenengo kolpe honetan  aurreikusitakoa da. Orain, lehenengo esperientziak hasten direnean ahoz ahokoarekin eraginez familia gehiagok izena emango duela pentsatzen dugu”, azaldu dute Udaletik. Familia horientzako formazio saioak izango direla iragarri dute. “Beste familia multzo esanguratsua osatzen denean egingo dugu”.

Era berean, gogorarazi dute auzokonposta egin nahi duten familiek Atez Ateko Informazio Bulegoan izena eman behar dutela, edo-eta 943 521538 telefono zenbakira deitu edo atezate@lezo.net posta helbidera idatzi.

Arloa edo saila