Hilean behin Furgobaratza etorriko da baratzezaintza ekologikoari buruzko zalantzak argitzera arratsaldeko 18:00etatik 19:40ra, apirilak 15ean lehenengo aldiz
Apirilak 15ean, Furgobaratza zerbitzua martxan jarriko da Gipuzkoako Baratze Parke Sarean. Lezoko Baratze Parkean hileko hirugarren asteazkenetan egingo du bisita Furgobaratzak, baratzaren inguruan sortu daitezkeen zalantzak argitzeko eta baratzezaintza ekologikoaren inguruko ikastaroen berri emateko.
Bisitak arratsaldeko 18:00etatik 19:40ra izango dira. Guztira, lau bisitaldi egingo ditu: apirilak 15; maiatzak 20; ekainak 17; eta uztailak 15. Bisita egunetan Lezoko Baratze Parkeko erabiltzaileek euren zalantzak argitzeaz gain, produktu eta landare ekologikoak erosteko aukera izango dute.
Baratze Parke Sarea norberaren barazkiak era ekologikoan ekoizteko aukera eskaintzen duen proiektua da, Kutxa Ekoguneak bultzatuta eta Lezoko Udalak kudeatzen duena. Beraz, Udaletxeak Lezoko Baratze Parkeko erabiltzaileak animatzen ditu Furgobaratzara gerturatzera, laguntza eta gomendio bila.