Institututik udalerriko putzuak ezagutzera

Ar, 2015-06-16 09:46

Anfibio eta narrastien inguruko proiektuaren laginketei berriz ekin zaie eta egindako putzuetan lehenengo emaitzak ikusten hasi dira

Ekainaren 9an Lezoko Institutuko 15 bat ikasleek irteera egin zuten, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologoek lagunduta, udalerrian osatzen ari den putzu sarea ezagutzeko asmoz. Lezoko Baratza Parkeko putzuan eman zitzaion hasiera txangoari, eta han bertan jaso zituzten zientzialarien lehenengo azalpenak. Ondoren, Jaizkibeletik gora, Sorotxo inguruan, Aranzadi Zientzia Elkarteak egin berri duen bigarren putzuraino  iritsi ziren, Lezoko Udalarekin sinatutako ekizaintza akordioaren baitan berreskuratua izan dena. Azkenik, 2009an Lezoko Udalak egindako putzuan herpetologoek laginketak nola egiten dituzte irakasteaz gain, eginkizun horretan ikusi ahal izan dituzte.

Irteera hori, Anfibio eta narrastien kontserbazioaren aldeko ekintzak Lezon proiektuaren baitan antolatu da, Lezoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean burutzen ari direna eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren dirulaguntza jaso duena. Proiektu horri 2014 urtean eman zitzaion hasiera, Lezoko Baratza Parkean anfibioentzako putzu baten sorrerarekin, eta anfibio eta narrasti espezieen lehenengo laginketekin.

Aurten, proiektuaren bigarren faseari ekin zaio, eta dagoeneko hainbat ekintza burutu dira. Horrela, apirilean Lezoko ikastetxeetako irakasleekin bisita gidatua egin zen Baratza Parkeko putzuan, eta hilabete horretan ere auzolan eguna egin zen putzu inguruan zenbait zuhaitz eta zuhaixka landatuz Baratza Parkeko elkarteko kideekin.

Bestalde, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologoek ekin diote berriz ere anfibio eta narrastien laginketei, eta egindako putzuetan emaitza interesgarriak ikusten hasi dira. Baratza Parkeko putzuan, adibidez, uhandre palmatu ugari ikusi ahal izan dira, baita horien ugalketa konfirmatu ere, eta ornogabe komunitatea ere osatzen ari da. Jaizkibeleko putzu zaharrenean, aldiz, lehenengo aldiz txantxikuaren zapaburuak aurkitu dira.

Behin laginketa guztiak bukatuta, urte bukaeran emaitza guztien aurkezpen publikoa egingo da. Lezoko web orrialdean ikus daiteke proiektuari buruzko informazioa.

 


 

Arloa edo saila