Ander Lipus protagonista den antzezlana igandean ikusteko aukera izango da, 19:00etan Gezala Auditorium-ean. Sarrerak salgai daude
Huts Teatroa konpainiaren “Publikoari gorroto” antzezlanarekin amaituko da Antzerki Topaketaren zortzigarren edizioa datorren igandean, ekainaren 2an. Aurreko lanak bezala, Gezala Auditorium-ean izango da, 19:00etan hasita.
Ander Lipus aktorea da Xabier Mendigurenek 1985ean idatzi eta Manex Fuchs-ek zuzendutako obrako protagonista nagusia. Ibilbide oparo eta arrakastatsua izan du antzezlan probokatzaileak, eta besteak beste, XIII. Donostia Antzerki Saria irabazi du.
Antzezlana ikusteko txartelak dagoeneko salgai daude. Internet bidez edota Kultura Saileko bulegoan eros daitezke. Sarreren prezioa 5 €-koa da.