Marinel Azokaren bigarren edizioa ospatuko da azaroaren 15ean, 16an eta 17an Karlos Saldise plaza estalian
Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak, Mikel Arruti Euskara eta Kultura Zinegotziak, Xanti Val Kultura teknikariak, Eider Calderon Oarsoaldeko Turismo zuzendariak eta Gurutze Alberdi Dantzazaleon elkarteko arduradunak Marinel Azokaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean udaletxean. Ostiral igandera beraz, Lezo marinel giroan murgilduko da.
Joan den urtean ospatu zen lehen aldiz Marinel Azoka Lezon, eta jendartean izan zuen arrakasta ikusita aurten bigarren aldiz egingo da azoka. Eta etorkizunean Azoka antolatzen jarraitzeko asmoa berretsi du Mikel Arruti zinegotziak.
“Lezoko udalerriaren historia itsas jarduerarekin estuki lotuta egon da betidanik. Gaur egun agian imajinatzea kosta dakiguke, baina hainbat ontzira leku, ontziola, arrantzarako itsasontzi eta itsas bizimoduarekin lotutako beste elementu ugari ziren Lezon, udalerriaren mendebaldean, Pasaiako portura zabaltzen den partean alegia”, azaldu du Arrutik.
Hain zuzen, Lezok mendeetan zehar itsasoarekin izan duen harreman estua gogorarazteko antolatzen da Azoka. Eta gaur egun dena beste motatako itsas jarduerak mantentzen direla aditzera emango da II. Marinel Azokan.
Azoka ostiralean, hilak 15, inauguratuko da, 17:30. 21:30ak arte egongo da zabalik. Larunbatean eta igandean, berriz, goizez 11:00etatik 14:30etara egongo da zabalik, eta arratsaldez, 17:30etatik 21:30ak arte.
Artisauak Karlos Saldise plazan
Hiru egun horietan herri desberdinetako artisauak bilduko dira Karlos Saldise plazan, azokara bertaratuko diren guztiei euren produktuak erakutsiko dizkietenak. Askotariko postuak izango dira: zeramika lanak, bitxiak, larrua, egurrezko jostailuak, gozogintza, xaboiak eta kremak, eta abar –ikus zerrenda–. Postuez gain, egunero gastronomiarekin, musikarien kalejirekin (gaitak eta perkusioa), kale animazioarekin, azokako tailerren erakusketekin, haur jolasekin edo-eta formatu handiko jolas tradizional-didaktikoekin gozatzeko aukera izango da.
Antolatzaileek Karlos Saldise plaza estalita dagoela azpimarratu dute.
Marinel Azokan herriko eragileen parte hartzea izango da. Larunbatean talde hauen ekarpena izango da: Kantu Jira eta Musika Bandaren kontzertua Gezalan, Lezoko Dantzazaleon dantzak goiz eta arratsaldez herritik zehar eta Murixka dantza taldeko haurren kalejira arratsaldean.
Ainhoa Zabalo alkateak lezoarrak eta inguruko herrietako biztanleak Lezora gerturatzera gonbidatu ditu. “Zalantzarik gabe, udalerrian festa oso berezi eta berria da asteburuan ospatuko duguna. Herria marinel giroan murgilduko da, eta familia giroan zein lagunekin gozatzeko aproposa”.
Eta amaitzeko, eskerrak eman zizkien Azokan ariko diren herriko eragileei eta Oarsoaldeako Turismo sailari ekitaldia zabaltzeko egiten ari diren ahaleginarengatik.