Lezoko Herriko Eskolak harrera egingo dio lehenik, eta arratsalde-iluntze partean plazara jaitsiko da
Egun bat baino ez da geratzen Lezoko Inauterietarako, edo-eta Trapujaleren etorrerarako. Bi ongi-etorri izango ditu: lehena, Herri Eskolan, bertako ikasleek ongietorria emango baitiote 16:00etan.
Beranduxeago, 19:00etan, Martizkone baserritik jaitsiko da herriko plazara. Ez da bakarrik iritsiko, aldamenean izango baititu Alde Zaharreko Joaldunak eta Tomas Garbizu Musika Eskolakoak.
Bertan, pregoia irakurri ondoren, Lezoko ikastetxeek (Haurtxo Haurtzaindegia, Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua eta Pasaia Lezo Lizeoa) Trapujale oroigarria jasoko dute, urte guzti hauetan inauteri festarekin izan duten inplikazioa eskertzeko.
Lezoko Udaletik deia egin zaie herritarrei egun horietan herriko eragileekin elkarlanean antolatu dituzten ekimenetan parte-hartzera.
Hemen ikus dezakezue martxoaren 3ra bitartean antolatu duten programazioa.