Ganadu Feria goizeko 9:00etan hasiko da. Gaurko eguna amaituta Santakrutzek etena izango dute
Santakrutz Eguna pasata, Baserritar Egunari heldu zaio bere txanda. Goizeko 9:00etan Gurutze Santuaren plaza ganadu plaza bihurtuko da, Ganadu Feriarekin. Sari-banaketa, berriz, bi ordu beranduago izango da, 11:00etan. Eguerdirako idi dema dago iragarrita, probalekuan –arratsaldeko saioa 18:00etan hasiko da–.
Eguneko beste ekitaldi garrantzitsuak Ixkulin eta Tiñelu elkarteetan egingo den Baserritarren bazkaria eta arratsaldeko bertso saio dira. Bazkaria 14:00etan izango da, eta bertso saio, 19:30ean.
Punta-puntako bertsolariak
Aurkezpenik behar ez duten bertsolarien saio entzuteko aukera izango da gaur Lezon. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako azkeneko bost txapeldunetatik, lau ariko dira bertso kantuan Gurutze Santuaren plazan: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Gaiak jartzen, berriz, Amaia Agirre izango da.
Gaurko eguna amaituta, Santakrutzek etena izango dute. Astean zehar indarrak berreskuratu eta datorren ostiralean, hilak 19, festek segida izango dute.