Gaur zabalduko ditu ateak eta Abenduaren 24ra arte euskaraz ekoitzitako liburuak eta diskoak erosteko aukera izango da
Kultura aretoa saltoki bihurtu dute. Gaur arratsaldetik hasi eta abenduaren 24ra arte Euskal Liburu eta diskoen azoka izango da bertan, eta aurreko edizioetan bezala, Durangoko Azokan aurkeztutako nobedadeak erosteko aukera izango da, eta euskaraz ekoitzitako beste hainbat liburu eta CD. Haur eta gazte sailari arreta berezia jarrik diote antolatzaileek.
Aurtengoan gainera, herriko hainbat eragileren artean txandak antolatu dituzte azokan aritzeko. Hain zuzen, elkarte hauek parte hartuko dute: Gaxuxa, Tiñelu, Pasaia-Lezo Lizeoa, Lizeoko guraso elkartea, Ixkulin, Irrien Lagunak, Hezikuntza, AEK eta Haurtxo Haur-Eskola.
Gabonei begira, Lezoko Azokak aukera paregabea eskaintzen du euskal kulturako produktuak kontsumitu eta oparitzeko. Horixe da, hain zuzen, Azokaren helburuetako bat.
Ordutegi ezberdinak
Azoka abenduaren 24ra arte egongo da zabalik, eta ordutegiak egunaren araberakoak izango dira. Hemen xehetasunak:
- Abenduaren 15etik 19ra, 17:00etatik 20:00etara.
- Abenduaren 20a, 22a eta 23a, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
- Abenduaren 24a, 10:00etatik 13:00etara.
- Abenduaren 21ean, igandea, itxita egongo da.