Gabonetako Programazioaren baitan hiru pelikula eskainiko dira Gezalan
Datozen egunotan Gezala Auditorioan haurrei zuzendutako hiru filma eskainiko dira, guztiak ere euskaraz eta doan. Lehena, abenduaren 23an izango da, 16:30ean. Abenduaren 29an eta 30ean izango dira beste biak, ordu berean.
Hirutan lehena, abenduaren 23koa da: Blackie eta Kanuto. Blackie, ilargira joatearekin tematuta dagoen ardi beltza da. Kanuto berriz, Blackierekin itsututa dagoen artzain txakurra… Baina ez du entzun ere egin nahi kohetearen kontua. Bidaiari ekingo diote, jakina, eta bidean beste lagun askorekin egingo dute topo…
Herensugea, haritzaren bihotza
Abenduaren 29an eskainiko da. Gertakizun bitxi-bitxi batzuek klima aldarazi dute herensugearen mendian. Tenperaturaren bat-bateko jaitsierak hotzaren hotzez eta ilunpean utzi du lurraldea. Basoa hiltzear dago eta Robin elfo txikia, basoaren zaindaria, bizitza suntsitzen ari den gaitzari aurre egiteko, laguntza eske ari zaie jainkoei. Laguntza jaso bai… baina ez hark espero zuena!
Tormeseko itsumutila
Hiruretan azkena izango da, abenduaren 30ean. Lazaroren bizitzan sarri tartekatzen dira zoritxarra eta zorte ona. Mutila, bere xalotasun inozotik abiatuta, bizirik irauteko sen ikaragarriaren jabe egingo da pixkanaka. Harrizko zezen baten adarkadak esnaraziko du munduaren gordintasunetik, nagusi itsuak bere lelotasunetik aterako baitu amarru latz batez.