Epa! izeneko ikuskizuna estreinatuko dute Gezala Auditorioan
Demode Quartet Iruñeko laukotearen bisita jasoko dugu abenduaren 27an, 20:00etan Gezala Auditorioan. Taldea 2010ean hasi zen, a capella abestutako bertsioez beteriko antzerki ikuskizun batekin –joan den Gabonetan eskaini zuten Lezon–.
Orain bigarren ikuskizunarekin ari dira, Epa!-rekin. Horrela laburtzen dute webgunean ikuskizuna:
“Demode Quartet taldeari zerbaitek esaten dio euskal giltzak, gakoak eta esentziak eragina izan duela gainontzeko kulturetan. Hau guztia frogatzeko bidaiatu egin dute, irakurri, entzun... Ondorioa: erantzunak baino galdera gehiago planteatzen dituen ikuskizuna ... batez ere: nola demontre ausartu dira? Polemika alde batera utzita, taldeari zerbaitek esaten dio euskal esentzia horrek eragina izan duela munduko gainontzeko kulturetan. Erabat seguru daude countryaren, jazzaren, sanbaren, bollyboodaren edo pop modernoaren jatorria Euskal Herriko mendi, portu eta haranetan bilatu behar dela. Horixe frogatu nahiko digute Epa!rekin”.
Ikuskizun honetan euskal klasiko bihurtu diren hainbat abestiren moldaketak entzuteko aukera izango da, besteak beste, Bagare, Loa Loa, Maitiak Galdegin Zautan, Baldorba, Lau Teilatu edo Ilargia.
Sarrerak salgai
Demode Quartet laukotea ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude Kultura sailean. Egunean bertan, abenduaren 27an, Gezalako leihatilan erosteko aukera izango da. Sarrerak bost euroko prezioa du.