Ekarpen interesgarriak aurrekontuen bileran

Al, 2011-11-07 16:48

Datorren urteko aurrekontuak aurkeztu eta herritarren iritziak jasotzeko, bilera egin zen azaroaren 4ean, Gezala auditorium-ean. 30 herritar inguru elkartu ziren, eta aurkezpenen ondoren, ekarpen eta galderak egiteko aukera izan zuten herritarrek.

Ainhoa Zabalo, Lezoko alkateak, eta Ainhoa Intxaurrandietak, Ogasuneko Zinegotziak, hartu zuten hitza, hurrenez hurren.

Ainhoa Zabalo Lezoko alkatearen hitzetan, “Lezoko Udalaren zorpetze-maila handia da. Herriko zerbitzuak hobetzeko azken urteetan egin direninbertsioak medio, mailegu handiak dauzka udalak.” Horri gehitu behar zaio udalak Foru Aldunditik jasotzen duen diru-kopurua 2006ean jaso zuenaren parekoa izango dela. Hortaz, 2012. urterako gastuak nola murriztu pentsatu behar da.

Udalaren lehentasunak hauexek direla esan zuen alkateak:

  • Herritarren ongizatea, gutxien dutenak lehenetsiz
  • Eremu sozialen lanketa: eragileak, kultur ekintzak...
  • Euskararen sustapena

Honetaz gain, eskumen urriak izan arren, udalak sozioekonomia arloan nola eragin dezakeen aztertu eta lantzen hastea ere lehentasuna izango da.

Gastuak murrizteko lehen neurriak:

  • Zenbait zerbitzuetako alokairuak bertan behera uztea erabaki da. Adibidez, bake-epaiketa. Udalaren beste lokaletara pasako dira zerbitzu horiek.
  • Udalaren urteko egutegia ez da aterako.  
  • Arraitokiko aparkalekuaren alokairua, (kiroldegi ondoan dagoena), 25.000 euro murriztea lortu da.
  • Argiterian aurrezteko lehenego pausoak eman dira, gauez argi batzuk itzalita.
  • Musika-eskolako berregokitzapenekin 25.000 euroko aurrezkia
  • Udaltzaingoaren zerbitzua ere aztergai dago. Besteak beste, gaueko zerbitzua mantendu ala ez aztertzen ari dira. Egokitzapenekin 40.000-50.000 euro aurretuko dira urtean.

 

Ainhoa Intxaurrandieta-k udalaren diru-sarrerei buruzko azalpenak eman zituen. Puntuz puntu, hauek dira aipagarrienak:


  • Irizpide orokor bezala, KPIaren igoera aplikatuko da: %2,8.
  • Ura eta estoldera %10 igo dira, baina igoera hori aplikatuta ere, ez da zerbitzu horiek suposatzen duten gastuaren erdira ere iristen. Hortaz, uraren kontsumoa gutxitzeko kontzientziazio-lanak egin beharko dira, baita hondakinen gutxiago sortzeko ere
  • Ibilgailuetan igoera %5 eta %10 bitartekoa izango da zilindradaren arabera.
  • Hondasun higiezinen zergan %5eko igoera, 2005etik ez delako igoerarik izan.
  • Tabernetako terrazen zerga %17 gutxituko da, baina kontratatzio-sistema aldatu egingo da. Aurrerantzean, egunka kontratatu beharrean, asteroko edo hamabost eguneko epeak kontratatuko dira.
  • Prentsan agertu den igoera handirik ez dago. Kiroldegian %8ko igoera aplikatuko da familia kuotan: 29 eurotik 31 eurora pasako da. Lezotarrak izateagatik %40ko hobaria izan dugu orain arte eta hori mantendu egingo da, nahiz beste modu batera aplikatuko den.

Aurtengo ekarpen nagusia da egoera zailean dauden familientzat hobariak indartu direla.

Une honetan, ordenantza fiskalak jendaurreko epean daude, informazio osoa jaso nahi duenaren eskura.

Herritarrek bileran egindako zenbait galderak.

  • Egoera honen aurrean, zein dira irizpide nagusiak?

%3 inguru geratzen zaigu murrizteko. Ez ditugu zerbitzurik kendu nahi. Zerbitzuak merkeagoak izatea nahi dugu, egokitzea. Imaginazioa behar da. Gizarte zerbitzuetan eta euskaran ez dugu murrizketarik egin nahi.

  • Zorra nondik dator?

Mailegu desberdinak eskatu izan dira inbertsioak egiteko. Gaur egungo egoera ez litzateke hain zaila izango, diru-sarrerak orain arte bezala mantendu izan balira.

Herritar batek esana da udalaren hileroko funtzionamendu gastua ere handia dela, “zerbitzu-maila ona delako”.

  • Ludotekan aldaketarik egitea pentsatu da?

Ludoteka edukitzearen helburua zein den kontuan izan behar dugu. Lezoko gaztetxoak aisialdian euskaraz hitz egin dezaten sortu zen. Bertako ekintza guztiak euskaraz egiten dira eta, horrela, haurrek eskolaz kanpo euskaraz egiteko ohitura hartzen dute. 50 haur inguru daude izena-emanda, eta 30 euroko kuota ordaintzen da haur bakoitzeko.

  • Ibilgailuen zerga:

Zilindradaren arabera tasa desberdin igotzea zalantzan jarri da.

  • Alderatu da inguruko beste herriekin? Nahiko altua dela iruditzen da.

Zaborra eta uraren tasan nahiko baxu geuden eta, orain, parekatzen ari gara. Ez zen hori biñetaren kasua, eta alderaketa egingo dela erantzun da.

  • Kalkulatu da hobari berriak aplikatuta zenbat dirutako laguntza emango zaien zailtasunak dituztenei?

Ez, oraindik ez da horrelako kalkulurik egin. Dena dela, hobaria lortzeko familiek eskaera egin beharko dute eta beraien egoera dokumentu bidez azaldu: zenbat pertsona bizi den etxebizitzan eta ze diru-sarrera daukaten. Gizarte Zerbitzuek ondo ezagutzen dituzten Lezoko familiak eta kontrol bat eramango da, iruzurrik ez izateko. Lezoko herri txikia izanik, kausen ezagutza handia da eta iruzurra txikia.

  • Nola kontrolatzen da enpresek sortzen duten poluzioa?

Lezoko Udalak ingurumen teknikaria du. Besteak beste, poluzioaren jarraipena egiteaz arduratzen da. Airearen kalitatea ez da udalaren eskumena, Jaurlaritzarena baizik. Hala ere, udalak jarraipena egiten du eta intzidentziak daudenean, Jaurlaritza informatzeko protokoloa dauka. Oraingoz, Jaurlaritzak Algeposari espedienteak ireki dizkio. Garrantzitsua da herritarrek arazoren bat antzematen dutenean udala informatzea.

  • Aparkatzeko arazoa nahiko larria da. Herritar batek legez kanpoko ibien berri eman du.

Udaleko ordezkariek esan dute legez kanpoko ibien jarraipena egingo duela.

  • Uraren zerga merkeegi ordaintzen dela iruditzen zaio herritar bati.        Kontsumo altuegia zigortzeko neurriak hartu behar lirateke.

Familia bakoitzaren kontsumoak neurtu ahal izateko, errolda eguneratu behar da. Etorkizunera begira landu nahi den lerroetako bat da hau.

  • Zenbat ordaintzen zaio Añarberi eta zenbat ordaintzen du herritarrak m3-a? Ura ez da bidean galtzen?

Datu faltagatik mementuan galdera hori ez da erantzun, baina hurrengo egunetan argituko da. Webgunean bertan emango du horren berri udalak.

  • Herrian bolo-bolo dabil udalean 500.000 euro falta direla. Hori horrela da?

Ez, inondik ere. 2012ko aurrekontuak ajustatu egin behar dira eta, horretarako neurri batzuk hartu behar ditugu, baina udaleko dirua ondo kontrolatuta dago. 2010ean auditoria ere pasa zuen udalak, eta ez zen inolako susmorik atera. Auditoriak esana da, hainbat udalek nahiago luketela kontuak hain zuzen eta garbi eduki.

  • Kultur eragileei murrizketak ahalik eta gutxien egitea eskatu da.

 

Amaitzeko beste alderdiak gonbidatu dira tasen inguruan ekarpenak egitera. Baita elkarteak eta norbanakoak. Herritar eta elkarteentzat ekarpenak egiteko orriak banatu dira. Albisteko honi iruzkina eginda ere egin dezakezu zure ekarpena.

Arloa edo saila