Hiritartasun aktiboa sustatu nahian

Ar, 2014-07-15 14:33

Lezoko Udalak parte-hartze prozesuen alde jarraituko duela berretsi du

Horixe da, hain zuzen, Lezoko Udalak bilatu nahi duena parte-hartze prozesuekin: hiritartasun aktiboa. Lezoarrek dituzten beharrizan eta lehentasunak maila kolektiboan aztertzea eta adostea, beharrizan horiei erantzuna emateko egon daitezkeen aukerak mahai gainera ekarriz. Errealitatearen ikuspegi ezberdin ugari egoteak aberastuko baitu azken emaitza.

Finean, sakoneko kultura aldaketa. Indibidualismoa edo-eta lehiakortasuna versus errespetua, gardentasuna edo-eta gertutasuna. Herritarrak protagonista bihurtzea herritarrei erabakimena emanez.

Lezoko Udalak praktikan jarri du udalgintza eredu hori. 2013az geroztik bost parte-hartze prozesu sustatu ditu, eta etorkizunean bide beretik joko duela iragarri du.

Atez Ateko hondakin bilketa sistema ezartzeko prozesua izan zen lehena, 2013an zehar egin zena. Aitzindaria izanik, oso arrakastatsua izan zen herritarren parte-hartzea handia izan zelako eta guztien artean erabaki zutelako Atez Ateko zabor bilketa sistemaren funtzionamendua.

Altamirako auzo-ekipamendua

Aurten, lau parte-hartze prozesu bideratuko dira. Altamirako auzo-ekipamenduak hobetzeko, Biga­rren Berdintasun Plana diseinatzeko, Oarsoaldean 500.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko eta Pisbe San Pedron auzo-ekipamenduak hobetzeko -azken hori garatzeke dago-.

Altamirako auzo-ekipamenduak hobetzeko parte-hartze prozesua da momentuz hasi eta bukatu den bakarra. Udalak 50.000 €ko diru partida bideratu du auzoan inbertitzeko, eta auzotarrak izan dira zertan inbertitu erabaki dutenak.

Proposamenak lehenetsi ondoren –beti ere udal teknikariek bideragarritasun plana aztertu ondoren–, hamabi aukeren artean bost hauen aldeko apustua egin zuten Altamirako auzotarrek bozka bidez:

  1. Haurrentzako bi parke.
  2. Espaloietako zuloak konpontzea.
  3. Hamar aulki eta bost mahai jartzea.
  4. Farola gehiago jartzea.
  5. Baranda ezberdinak jartzea.

Momentu honetan, beste bi parte-hartze prozesu gauzatzen ari dira. Martxoaz geroztik II. Berdintasun Planaren diseinuan ari dira Elhuyarreko teknikariak.

II. Berdintasun Plana

Batetik, 2011-2014 onartu zen I.go Berdintasun Planaren ebaluazioa egiten ari dira; eta bestetik, etorkizunera begira, hurrengo urteetarako egitasmoak zehazten ari dira; ekintzak aurrera eramateko baliabideak eta aukerak neurtzen, eta abar.

Eragile ezberdinak ari dira lanean: politikariak, udaleko langileak, elkarteetako ordezkariak eta herritarrak.

Parte-hartzea azken txanpan da, eta ongi bidean, uztailean ezagutaraziko da emaitza.

Partaidetzazko aurrekontuak

Martxan dagoen beste prozesua Partaidetzazko Aurrekontuena da. Kasu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da, lau eskualdetan bideratzen ari dena: Urola Erdian, Tolosaldean, Bidasoaldean eta Oarsoaldean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere aurrekontuaren zati bat herritarren esku utzi du haiek erabaki dezaten zertan inbertitu. Hain zuzen, bi milioi euro, 500.000 eskualdeko.

Lehenengo fase batean Lezoarrek, gainontzeko 38 udalerritako biztanleek bezala, euren eskualdean 500.000 euro zertan inbertitu proposatu dute. Ondoren, eskualdeko proposamen guztien artean, 370 aurkeztu dira, hogei lehenetsi dira, eta Foru Aldundira bideratu bertako teknikariek teknikoki, ekonomikoki eta juridikoki bideragarriak diren ala ez azter ditzaten.

Emaitzak irailean emango dituzte, eta teknikoen azterketa gainditzen dutenen artean erabakiko da zein gauzatu. Inbertsioa 2015 urtean egingo da.

Pisbe San Pedro

Altamirako prozesua errepikatuko da San Pedro Pisbe auzoan. Udalak beste 50.000 euroko inber-tsioa egitea aurreikusi du. Parte-hartze prozesua irailean hasiko da, eta zehaztutako epeak betetzen badira urtea bukatu aurretik amaitzea espero da.

Gehiago izango dira

Horrela iragarri du Ainhoa Zabalo alkateak, “sinetsita gaudelako parte-hartze prozesuak aberasgarriak direla, eta herritarren ekarpenak kontuan hartu beharrekoak”.

Orain arte gauzatu diren prozesuetan parte-hartzeak “gora beherak” izan dituela onartu eta gakoa “herritarrak heztean” dagoela uste du alkateak. “Kultura aldaketa dago honen atzean: eragile bakoitzaren rolak definitu, botere-harremanak eraldatu, jarrerak landu… Denbora beharko da”.

Lezoko Udalak, edozein kasutan, parte-hartze prozesuen aldeko “konpromiso politikoa” berretsi du, eta zenbait abantaila zerrendatu ditu Ainhoa Zabalok: lan egiteko modu berriak sustatzen dira, harremanak eraldatzen dira, eraikuntza kolektiborako gaitasuna lantzen da edo-eta herritarren arteko sarea josten da.

 

Arloa edo saila