Ikasleen opor egunak baliatuz hobekuntza lanak egingo dira
Lezoko Herri Eskolan urbanizazio lanak egiten dabiltza ikasleen opor egunak baliatuz. Hain zuzen, hainbat konponketa eta hobekuntza egingo dira: egun jolastokian dauden zuhaitzen babesgune batzuk eraitsi eta ondoren zuhaitzen txorko berriak jarriko dira, irabazitako guneak asfaltatuz. Gero, 60 metro luze duen egurrezko itxitura baten bidez jolastokiko eremu hori itxi eta babestu egingo da.
Zuhaitzen babesgune horiek oztopo dira jolastokian. Horiek kenduta, espazioa irabazi eta jolas eremua handitu egingo da.
Lan horiek 20.861,02 €ko aurrekontua dute, eta Udalak gastu osoaren % 60 estaltzea lortu du Eusko Jaurlaritzara eskatutako diru-laguntza baten bidez.
Jantokiko sabaia
Hobekuntza eta konponketa lan horiez gain, Herri Eskolako sabaian lanak egingo dira. Orain dagoen sabaiko plaka kendu eta plaka akustiko batengatik ordezkatuko da. Plaka berriarekin jangelan sortzen den burrunba gutxituko da sukaldeko langileen, zerbitzarien, zaintzaileen eta bertan bazkaltzen duten ikasleen mesederako.
Sabaiko lanek 10.036,95 €eko aurrekontua dute. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak 6.022,17 € jarriko ditu.