Azken aste honetan jasotako datuak oso altuak eta kezkagarriak dira eta horren aurrean, Udalak, erantzunkidetasunez, zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko eskatzen die lezoarrei, indarrean dauden neurriak beteaz.
Joan den astelehenean Lezo eremu gorrira pasa zen Covid-19aren intzidentzia datuen eraginez eta egoerak nabarmen egin du okerrera astean zehar, kutsatze berrien datuak hazten joan baitira.
Ondorioz, gaur egun Lezoko datuak oso altuak eta kezkagarriak direla adierazi dute Udaletik eta egoera honen aurrean lasaitasuna mantentzea ezinbestekoa den arren, erantzunkidetasunez, zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko deia egin die Udalak herritarrei, lezoar ororen segurtasuna eta osasuna bermatzeko.
“Azken datuei erreparatuz, birusa azkar hedatzen ari da gure herrian eta guztion ardura da egoera eta zifra gorri horiei aurre egin eta buelta ematea”, azaldu dute udal ordezkariek. Horretarako, neurriak zorrotz betetzeko eskatu du Udalak, indarrean dauden jarraibideak errespetatuz eta jende pilaketak ekidinez edo gizarte harremanak murriztuz, esate baterako.
Egoera erraza ez dela aitortzen du Udalak, “are gutxiago zifra gorrien eraginez bere egunerokotasuna baldintzatuta ikusten duten pertsona edo sektoreentzat, hala nola, ostalaritzarentzat, baina indarrak batuz gero aurre egin ahal izango diogu beste behin”- azaldu dute Udaletik – “joka dezagun elkartasunez eta zaindu eta babes gaitezen elkar”, gehitu dute.
Horren harira, indarrean dauden neurri aipagarrienak gogorarazi ditu Udalak:
- Musukoa beti jantzita eramatea
- Eskuak maiz garbitzea
- Pertsonen arteko distantziak mantentzea
- Bizikidetza unitatetik kanpo 4 pertsona baino gehiago ez elkartzea
- Festa edo ospakizunak ez egitea