Elkarretaratzea egingo da erasoa salatzeko.
Erasoa salatzeko, Piztu Lezok, Gaxuxak eta Lezoko Emakume taldearekin duten deialdiari bere atxikimendua adierazi nahi dio Lezoko Udalak.
Tamalez, eraso matxista berri batek gure herria astindu du, hirugarren erasoa hiru asteren barruan, eta horrekin batera agerian geratu da oraindik ere lan handia egin behar dela emakumeek libre eta indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea bermatzeko.
Lezoko Udalak, Piztu Lezoren, Gaxuxarekin eta Lezoko Emakume taldearekin batera adierazi nahi du indarkeria matxistaren aurka dagoela eta irmoki gaitzesten dituela gertatutakoak. Halako portaerak Emakumeen Giza Eskubideen urratze larriak dira: diskriminatua ez izateko, ongizaterako, integritaterako eta duintasunean eta askatasunean bizitzeko eskubidearen aurkako erasoak, besteak beste.
Indarkeria matxista jendartean nagusi den genero-ezberdintasunaren adierazpen mespretxugarriena da, eta lerro hauen bidez horri aurre egiteko Udalaren konpromisoa adierazi nahi da.
Gauzak horrela, eragile sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa funtsezkoa da, apustu ausartak eta neurri sakonak behar dira, hitzetik praktikara pasatzeko, hau da, oldarkeria behin betiko desagerrarazteko.
Halaber, indarkeria matxistari aurre egiteko ezinbestekoa da hori lehen mailako auzi politikotzat jotzea, konplize jarrerak bazter uztea, eta bizi garen antolaketa sozial sexista deseraikitzeko berdintasun politika sendoen alde apustu egitea.
Zentzu horretan, erasotuei eta euren familiei gure elkartasunik beroena adierazi eta behar duten laguntza eskuratzeko Udal baliabideak eskaintzeaz gain, lanean tinko jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, zubiak eta sareak eraikitzeko eta jendartean indarkeria matxistari lekurik ez uzteko.
Egoeraren larritasuna aintzat hartuta, Piztu Lezo elkarteak, Gaxuxa emakumeen elkarteak eta Lezoko Emakumeak elkarte feministak erasoak salatzeko deialdia egin dute, eta Lezoko Udalak bat egin du deialdiarekin. Ezin duzu huts egin.
Elkarretaratzea deitu da: asteartean, 2024ko otsailaren 20an, 19:30ean, Gurutze Santuaren plazan.
Indarkeria matxistarik ez!