Lezoko Zaintza Mahaia eratu da zaintzaren inguruko lanketa koordinatua egiteko

Al, 2026-04-13 14:15

Lezoko Zaintza-Mahaia osatu dute herriko eragile instituzional zein sozialek, herri mailan zaintzaren inguruko politika, ekimen eta harremanak modu koordinatuan lantzeko.

Zaintza komunitarioa indartzeko udal estrategiaren baitan kokatzen den espazio nagusietako bat da, Zaintza-Mahaia funtsezko tresna da ikuspegi komunitario eta parte-hartzailea ardatz hartuta, herriko eta lezoarren ongizatea, zaintza eta harreman sareak lantzeko.

Zaintza-Mahaiaren funtzio nagusia herriko eragile ezberdinak —instituzionalak zein komunitarioak— elkartzea da, zaintzaren arloan dauden beharrak identifikatzeko, baliabideak partekatzeko eta elkarlanaren bidez erantzun eraginkorragoak garatzeko. 

Lezoko kasuan, mahai honek topagune egonkor bat eskainiko die herriko elkarte, zerbitzu eta udalari. Aitona-Amonen Borda, Gaxuxa, Lezoko farmaziek, anbulategiak, udaleko Kirol, Kultura eta Gizarte Zerbitzuetako sailek, Udaltzaingoak eta Mikel Arruti Lezoko alkateak osatzen dute mahaia. 

Dagoeneko martxan dauden hainbat ekimen aztertu ditu orain arte Zaintza-Mahaiak, hala nola ikasleen eta adinekoen arteko jarduerak, Tipi-Topa programa edo osasun komunitarioko proiektuak. Ondorio nagusia hurrengoa izan da: herrian zaintzarekin lotutako jarduera ugari garatzen ari dira, baina horien arteko ezagutza eta koordinazioa hobetzeko beharra dago herritar guztiei iritsi eta harreman- eta zaintza-sarea indartzeko.

Horri erantzunez, herriko baliabideen eta jardueren mapa bat osatzeko proposamena landu dute partaideek, eragileen arteko harremanak bermatu eta herritarrek eskuragarri dituzten aukerak hobeto ezagutzeko.

Zaintza Mahaiak, beraz, ez du soilik egungo egoeraren diagnosia egingo, baizik eta ekintza kolektiboa sustatuko du, zaintza ardura partekatu gisa ulertuz eta komunitate osoaren ongizatea bermatzeko oinarri hartuz.