Hiru alkateen eskaerari erantzunda, Ezaugarri Bereziko Ondasun Higiezinen figura (BICE) arautzeko proposamena aurkeztu du Gipuzkoako Ogasun eta Finantza departamentuak
Errenteriako, Lezoko eta Pasaiako alkateek —Aizpea Otaegi, Mikel Arruti eta Teo Alberro— positiboki baloratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak euren udalerri-eremuetan kokatuta dagoen Pasaiako Portuak BICE zerga (OHZ berezia) izan dezan konpentsazio berezia arautzeko prozesua martxan jarri izana.
Hiru udalerrietako alkateek pasa den abenduaren 17an Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian eskatu zioten Aldundiari neurri fiskal hori lehenbailehen aktiba zezan, portuak inguruko herrietan dituen gizarte-, hirigintza- eta ingurumen-eraginak arindu eta eragin ekonomikoak indartzeko ezinbesteko tresna gisa.
Neurri fiskal hori OHZren foru araudi berrian txertatzeko tramitazioa martxan da jada. Zehazki, portua “Ezaugarri Bereziko Ondasun Higiezin” (BICE) gisa sailkatzea ahalbidetuko du aldaketak, eta horrek esan nahi du aurrerantzean portuak tratamendu fiskal berezia izango duela eta, ondorioz, orain arte jaso ez dituen zerga bidezko diru-sarrerak jasoko dituztela Pasaialdeko udalek.
Arau proposamen berriari alegazioak aurkezteko epea otsailaren 27ra arte egongo da zabalik, eta aurreikusita dago araudia ekainean onartzea behin betiko. Horrela, egutegi fiskala betez, helburua da zerga konpentsazio berezia 2027ko urtarriletik aurrera aplikatu ahal izatea Pasaiako, Lezoko eta Errenteriako udaletan.
Aldundiak badiako hiru alkateen eskaera “bere egin izana” positiboki baloratu dute eledunek: “Urrats garrantzitsua da hau, bidezkoa badiako bizilagunentzat. Azken hilabeteetako lan, bilera eta interbentzioen ondoren, pozgarria da ekimena martxa jarri dela ikustea eta, dena ondo bidean, gure udalek laster sarrera berri hori izango dutela jakitea”.
Hiru ordezkariek nabarmendu dute gai honek “berebiziko garrantzia” duela badiako herrientzat, eta, horregatik, jarraipen arduratsu eta gertukoa egingo diotela prozesu osoari, konpromisoak bete daitezen eta 2027ko urtarrilean zerga berezia indarrean egon dadin.
Era berean, gogorarazi dute BICE zerga indarrean jartzea Gipuzkoan egiteko zegoen lana zela (Araban eta Bizkaian urteak daramatza araututa), eta ez dela nahikoa badiaren egoera bereziari erantzuteko. “Aldaketa hau hiru herriok portuaren eraginez pairatzen dugun desberdinkeria txikitzeko bidea egiten hasteko aukera moduan ulertzen dugu; baina, aldi berean, portuko jardueren ondorioak arin daitezen lanean jarraituko dugu, Pasaialdearen biziberritze integrala sustatzeko finantziazio mekanismo sendo eta egonkor gehiago abiarazi beharko baitira etorkizunean, administrazio guztien arteko elkarlan eta inplikazioarekin. Horren alde lanean jarraituko dugu”.