Herriko kale eta espazio publikoak garbi mantendu asmoz, herrian egiten diren pintaketak garbitzen jarraitzen du Udalak
Lezoko Udalak herrian egin diren pintaketa berriak gaitzetsi ditu. Zoritxarrez, azkenaldian behin eta berriz errepikatzen ari den egoera da. Gertakari hauen aurrean, herriko kale eta espazio publikoak garbi mantentze aldera, Udalak herritar guztion diru publikoa erabili behar du garbiketa lanak egiteko.
Era beran, herritar guztionak diren espazio publikoak errespetatuak izan daitezen eskatu da Udaletik, izan ere, horrelako ekintzek herritar guztiengan dute eragina eta bizikidetzaren kontra egiten dute.
Hori dela eta, beste behin, horrelako ekintzak eta jarrerak alde batera uzteko eskatu du Udalak eta, bide batez, herritarrek beren aldarrikapenak egiteko bideak dituztela gogorarazi du, herriko kale eta espazio publikoak ez baitira pintaketak egiteko.