Ohikoez gain, beste zenbat eragilek bat egin dutealdarrikapenarekin: Emakume Korrikalariak, Zinema Ttikia eta Sutargi abesbatza.
Ate joka dugu Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren aurkako eguna, borroka eta aldarrikapen eguna.
Horren harira, egitarau polita osatu du Lezoko Udaleko Berdintasun Sailak herriko zenbait eragilerekin batera: Gaxuxa Elkartea, Lezoko Emakume taldea, Emakume korrikalariak, Zinema Ttikia, Sutargi Abesbatza, Kuadrillategi eta anbulategia, hain zuzen ere.
Larunbat honetan, hilak 18, hasiko da egitaraua, “Las Buenas Compañias” film emanaldiarekin. Abortu eskubidea eta ahizpatasuna ditu hizpide filmak eta aurtengo Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko ikusleeen saria irabazi zuen. Emanaldia Gezala Auditoriumean izango da, 19:00etan eta filmaren ondoren eztabaida izango da.
Datorren astean, egingo dira egitarauko ekitaldi gehienak. Hilaren 20tik aurrera, ohi denez, zapata gorriz jantziko dira herriko dendak, anbulategiaren eta dendarien ekimenez.
Hilaren 22an, berriz, estreinakoz, Emakume Korrikalari Morea egingo da, Emakume Korrikalariek sustatuta. Taldeko kideek gonbitea luzatzen diete herriko emakumeei ekimenarekin bat egin dezaten. Bekoerrotatik abiatuko dira korrikalariak, 19:00etan. Elastiko morea jantzita parte hartu behar da.
Hurrengo egunean, hilak 23, Sutargi abesbatza ariko da herriko kaleetan barrena 19:30etik aurrera, eta biharamunean, azaroak 25, Emakume Korrikalariak Hondarribin egingo den lasterketan parte hartuko dute. 10:30ean abiatuko da lasterketa Emekiren elkartetik. Berdintasun Sailak herritarrak bertaratzeko deia luzatu du, korrikalariak animatzera.
Azaroak 26an, Beatriz Egizabal aktorearen “Magma Mia” bakarrizketa ikusteko aukera izango da Gezalan (19:30). Umorea ziurtatuta dago antzezlanean.
Azkenik, azaroan eta abenduan barrena, formazio saioak egingo dira Kuadrillategin, Hiruki Larroxa taldearen eskutik.
Beraz, egitarau oparoa izango da aurtengoa. Hori dela eta, Berdintasun Sailak eskerrak eman nahi dizkie aldarrikapen egunera atxikitako eragile guztiei eta bereziki berriei (Emakume Korrikalariak, Zinema Ttikia eta Sutargi abesbatza), datozen urteetan talde gehiagok bat egingo duten esperoan.