Herritarren eta eragileen iritziak eta gogoetak biltzeko urriaren 31n aurreikusia zegoen tailerra, azaroaren 7an egingo da, 19:00-21:30 bitartean Kultur Aretoan
Oarsoaldeko herrietan jaien testuinguruan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko eta jarrera matxistak gaitzesteko ekimenak eta kanpainak egin dira, horietako batzuk modu bateratuan gainera.
Bide horretatik, Oarsoaldeko udalerrietan jai parekide eta barneratzaileagoak lortzeko egitasmoa jarri zen martxan. Dagoeneko aurre-diagnosia egina dago eta orain, herriz herriz aurre diagnosi hori eragile eta talde ezberdinekin landu eta partekatu nahi da, etorkizunerako erronka nagusiak identifikatzeko.
Gauzak horrela, Lezoko herrian antolatzen diren jaiak- auzoetako festak, ekimen kulturalak eta gainerakoak- berdintasunaren ikuspegitik nolakoak diren aztertzeko gogoeta tailerra urriaren 31n egitea zegoen aurreikusia, baina data atzeratu egin da eta beraz, azaroaren 7an egingo da, 19:00etik 21:30era Kultur Aretoan.
Saioak bi orduko t'erdiko iraupena izango du eta ahalik eta iritzi eta gogoeta gehien biltzea denez xede nagusia, Udalak herritarrak tailerrean parte hartzera gonbidatu ditu, haien partaidetza funtsezkoa delako.