Urtero Lezoko Udalak indarkeria matxistari buruzko txostena osatzen du, herriko datuak aztertzeko. 2024ko datuekin osatu duten txostenean oinarrituta, hainbat datu ezagutarazteko agerraldia egin dute gaur Mikel Arruti lezoko alkateak, Eneritz Arruti berdintasun zinegotziak, Ainhoa Irazu Berdintasuneko teknikariak eta Dami Muñoz Gizarte Zerbitzuetako arduradunak.
Alkateak azaldu duenez, txostenaren arabera, azken urteetan indarkeria matxista kasuek gora egin dute, 2024koak pandemia ostean eman ziren datuak parekatu baitira: “honek arreta berezia jartzea eskatzen digu izan ere, indarkeria matxistarena egiturazko izaeradun eta lehen mailako arazoa dela berresten da. Aipatutako kasuak kasu isolatuak izatetik urrun, emakumeak indarkeriaz eta gizonen mende bizi behar dutelako ideietan oinarritutako sistemaren ondorio dira”.
Indarkeria matxistaren ondorioz laguntza eskatzen duten emakumeen datuen biltzea modu ezberdinean egiten da zerbitzu bakoitzean, ez dagoelako sistema bateraturik. Ondorioz, informazioa galdu, errepikatu edo osatu gabe geratu daiteke. Egun, Ertzaintza, Osakidetza eta Udal Zerbitzuetatik jasotzen ditu udalak laguntza-eskaeren datuak.
Indarkeria matxistari aurre egiteko erronketako bat sistema bateratua osatzea da, kaltetuen kopuru zehatza ezagutu eta errealitatea bere horretan islatzeko. Hala ere, kontuan hartu behar da badirela indarkeriari aurre egiten dioten emakumeak baina zerbitzu publikoetara jotzen ez dutenak ere bai.
DATU ESANGURATSUAK
- Hiru zerbitzuetako datuen arabera, guztira, 38 laguntza eskaera erregistratu ziren 2024an, 2023an baino 10 gehiago. 2021ean emandako laguntza eskaera kopuru berbera eman da 2024an.
- Lezoko udal zerbitzuetara iristen diren kasuak 2017an hasi ziren sistematizatzen. Ordutik 85 kasu artatu dira udal zerbitzuetan.
- 2024an, 11 kasu artatu zituzten Lezoko udal zerbitzuetan. 7 kasu udaleko zerbitzu ezberdinen bidez iritsi ziren, 2 kasu Osakidetzatik bideratuta, 1 Gizarte Larrialdien Koordinazioko Zerbitzuaren bidez (SFUS), eta beste 1 beste herriko udal zerbitzuetatik bideratu zuten.
- Ikuspegi intersekzionala beharrezkoa da datuak aztertzeko. Indarkeria matxistak ez die emakume guztiei modu berean eragite; emakumea izateagatik ez ezik, bestelako ezaugarrien ondorioz bazterkeria mota anitzak aldi berean eta elkar gurutzatuta pairatu ditzateke emakumeek (arraza, klase soziala, adina, sexu-joera, ezgaitasuna edo amatasuna, besteak beste). Horrek zaurgarritasun egoera handiagoak sortzen ditu.
- 2024an 11tik 8 emakumek jarri zuten salaketa.
- Eraso gehienak genero indarkeriaren testuinguruan gauzatu ziren.
- 11 kasuen artean, 8 erasotzaile Euskal Herrian edo espainiar estatuan jaiotakoak ziren.
LEZOKO UDALAK ESKAINTZEN DITUEN BALIABIDEAK
Lezoko Udalarentzat berdintasuna lehentasuna da, “herri hezitzaile eta segurua nahi dugu, eta berdintasuna da oinarri nagusietako bat. Horregatik, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasun Sailaren elkarlana bermatzeko eta herritarren esku ahalik eta baliabide gehien jartzeko konpromisoa dugu”, azaldu du Berdintasun zinegotziak.
Gizarte Zerbitzuen bitartez, Lezoko Udalaren eta beste administrazio publikoen laguntzen informazioa bizirauleen eskura jarri eta behar dituzten prozedurak tramitatzen laguntzen zaie.
- Laguntza psikologikoa eta juridikoa. Aholkularitza juridikoa eskuratzen lagundu, salaketa edo prozedura judizialik martxan jarri nahiko balute, pauso horiek nola eman eta xehetasunez zein diren ezagutu ditzaten.
- Biktima Akreditazioaren eskaera. Administrazio egiaztapen horrek genero-indarkeriaren biktimek, babes eta laguntza baliabideak eskuratzea errazten du.
- Eusko Jaurlaritzaren ordainketa bakarreko diru-laguntzaren eskaera.
- Oarsoaldeko Autolaguntza taldearen aurkezpena eta nahi izatekotan, parte hartzea. Eskualdeko lau udalerrietako indarkeria matxista jasan duten emakumeentzako laguntza programa da, ez da terapeutikoa baizik eta zalantza eta kezkei erantzun eta emakumeen arteko sartzea ahalbidetzen duen talde-dinamika.
- Horrez gain, Lezoko Udalak sentsibilizazio eta informazioa zabaltzeko kanpainak zein proiektuak egiten eta bultzatzen ditu. Azkenekoa, Indarkeria matxistaren aurkako gida. Gidak indarkeria matxista detektatzeko hainbat irizpide eskaintzen ditu, eta laguntza eskatzeko erakundeen zerrenda eta kontaktuak jasotzen ditu.
Azkenik, udalak herritar guztien berdintasun osoa ahalbidetuko duten politikak bultzatzen jarraitzeko duen konpromisoa berretsi du alkateak, eta herritar guztiei deialdia egin die azaroaren 25eko aldarrietan eta ekintzetan parte hartzera: “Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean, indarkeria matxista salatzea beharrezkoa da. Datu hauek erakusten diguten errealitatea gure herrian ematen den errealitatea da, egunero ematen den errealitatea. Indarkeria matxistari aurre egitea denon ardura da, eta etenik gabekoa”.