Goizeko 11:00etan elkarretaratze jendetsua egin zen Saldisen eta datozen egunetan ere ekimen ugari izango dira Emakumeen Nazioarteko egunaren harira. Zinegoak emanaldia berriz ere egunez aldatu da eta azkenik, martxoaren 20an, asteartean, eskainiko da Arratsaldeko 19:30ean Gezalan.
Lezoko emakumeek ez zuten huts egin atzo bortizkeria matxista, diskriminazioa eta berdintasun eza salatzeko munduko hainbat herrialdetan deitutako hitzorduan. Sorginak eta Gaxuxako kideak, Oroitzene euskaltegiko, anbulatorioko eta udal langileak, Tipi Topako emakumeak, dendariak, ikasleak… adin eta egoera ezberdineko emakumeak bildu ziren Saldise plazan, tartean Noemi Arberas, berdintasun zinegotzia.
Errenterira bidean egindako ibilbidean, Lezo Herri eskolak ikasleen txalo zaparrada jaso zuten.
Oraindik ere hainbat ekimen M8aren harira:
Martxoaren 10era bitartean, urtero bezala, Gaxuxako kideen lanen erakusketa ikusgai izango da Kultura Aretoan.
Martxoaren 10ean, larunbatean, arratsaldeko 18:00etan, Pago Justo filmari buruzko zineforuma eskainiko da Gezalan eta Loredi Salegik dinamizatuko du saioa.
Martxoaren 19an, arratsaldeko 17:30ean, El Ciclo de la Violencia hitzaldia eskainiko da kultura aretoan.
Martxoaren 20an, asteartean, Zinegoak Bilboko Nazioarteko Zine eta Arte Eszenikoen jaialdian irabazle izandako film laburren proiekzioa egingo da arratsaldeko 19:30ean Gezalan. Guztiak emakumeek zuzendutako filmak dira, haietatik bi Euskal Herrian egindakoak, eta aipagarria da Euritan lanak Itxaro Bordak 1985ean idatzitako “Klara eta biok” narrazioa berrikustea proposatzen duela. Hona hemen lanen izenburuak:
- ZARPAZO ZUZ: Nerea Castro Andreu (EH)
- HAPPY ZUZ: Laura Dudgeon (Australia)
- EURITAN ZUZ: Irati Gorostidi, Arantza Santesteban (EH
- MARGUERITE, ZUZ: Marianne Farley (Canada)
Amaitzeko, kuadrillategin ere gaia modu berezian landuko dute egun horietan zehar.