Bigarren hitzaldia Biocruces Osasun Ikerketa Institutuak antolatu du, Lezoko Udalaren laguntzarekin eta honek “Gaitz arraroentzako terapien garapenean arazoak” du izenburutzat. Hitzaldia Iker Garcia medikuak emango du eta Lezoko Gezala Auditoriumean ospatuko da ostiral honetan, urriaren 21ean, arratsaldeko 18:30ean.
Biodonostia eta Biocruces eta Asociación ayuda enfermedades raras solidaridad y esperanza elkartearekin elkarlanean Lezoko Udalak antolatu duen hitzaldi ziklo honen baitan, ostiralean, urriaren 21ean, gihar distrofiari buruzko bigarren hitzaldia ospatuko da Lezon.
Oraingoan hitzaldia Iker Garcia Biocruces Osasun Ikerketa Institutuko medikuak emango du eta honek “Gaitz arraroentzako terapien garapenean arazoak” du izenburutzat. Bigarren hitzaldi honek ere helburu izango gu gaixotasuna ezagutzea ematea, baina bereziki 4000 haurretik batek jasaten duen Duchenne gihar distrofia gaixotasunari buruzko terapien aplikazioan sortzen diren arazoen berri eman nahi da. Izan ere, heriotza eragiten duen endekapenezko gaixotasun honen inguruan aurrera pauso garrantzitsuak eman dira azkenaldian terapia eta botikei dagokienean. Zoritxarrez, terapia eta sendagai berri horiek ez dute balio gaixoen gehiengoarentzat.
Iker Garcia medikuak esperientzia eta formakuntza zabala du alor honetan eta esparru honi lotutako zenbait proiektutan ari da lanean. Bera arduratuko da, beraz, ostiral honetan, urriaren 21ean, Lezoko Gezala Auditoriumean arratsaldeko 18:30ean ospatuko den hitzaldian terapia horien aplikazioan zein zailtasun sortzen diren azaltzeaz. Era berean, Omar Ugalde del Rio osteopatak sarrera txiki bat egingo du hitzaldian. Izan ere, bere esparrutik, Duchenne gihar gaixotasuna duten pertsonei terapia ezberdinekin laguntzen die. Hitzaurrean, gihar distrofia duten pertsonekin nola lan egiten duen, zein terapia aplikatzen dituen eta beren psikomotrizitatea nola hobetzen duen azalduko du.