Gaxuxa Emakumeen elkarteak, Udalaren laguntzarekin, zine-foruma antolatu du azaroaren 18an eta antzerki emanaldia azaroaren 26an. Egun berean, Udalak autodefentsa feministan sakontzeko ikastaroa antolatu eta institutuko gazteek “#Az25Lezon: eman aurpegia indarkeria matxistaren aurka!” selfie kanpaina antolatu dute. Horretarako mural erraldoi bat jarriko dute kiroldegian.
Azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Egun honen harira, ekintza ugari antolatu dira Lezon.
Gaxuxa Emakumeen Elkarteak, Udalaren laguntzarekin, ekintza bi antolatu ditu. Lehena, Planes para mañana zine-foruma, azaroaren 18an izango da arratsaldeko 18:30ean Gezala Auditoriumean. Loredi Salegik dinamizatuko du eta doako izango da zine-foruma. Emanaldiaren hasieran, otsailean Osakidetzak eta Osasun Sailak Lezoko hainbat herritarrekin grabatutako sentsibilizaziorako bideoa proiektatuko da. Bigarren ekintza, aldiz, azaroaren 26an izango da. Emakume ausartak antzerki taldeak Las hijas de Eva antzezlana eskainiko du Gezala Auditorumean arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak egun berean eskuratu ahal izango dira. Egun berean, hau da, azaroaren 26an, Udalak, autodefentsa feministan sakontzeko ikastaroa antolatu du. Goizeko 9:00etan hasi eta 14:00etan amaituko da. Doakoa izango da eta parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da udaleko gizarte zerbitzuekin harremanetan jarriz.
Institutuko gazteek puntu lila erraldoi bat sortuko dute, mural gisa, kiroldegian, Lezo indarkeria matxistarik gabeko gunea filosofia hedatzeko asmoz. Mural hori erabilita, selfie bidezko kanpaina abiaraziko dute kiroldegian. Gazteen proposamena da, mezua sare sozialetan partekatuko diren argazkien bidez zabaltzea #Az25Lezon traolaz baliatuta
Bestetik, ikastetxeetan Beldur Barik jarrera lantzen ari dira urritik hona tutoretza orduetan. Lanketa honen ondotik, Kuadrillategin parte hartzen duten Lezoko hainbat gaztek Beldur Barik-ek martxan jarri duen bideo lehiaketan parte hartu dute. Lezoko gazteek Mikromatxismoak irudikatu nahi izan dituzte lehiaketara aurkeztu duten lanaren bitartez.
Amaitzeko, azaroaren 24ko osoko bilkurara Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruko deklarazio instituzionala eramango da.