Martxoaren 24ean, 18:00etan Energia Txirotasunaren inguruko saioa egingo dute Kultur Aretoan.
Lezoko Energia Komunitatearen sorrerako prozesuaren baitan antolatutako hurrengo saioa martxoaren 24ean (astelehena) izango da, arratsaldeko 18:00etan Kultur aretoan. Saio honetan Energia Txirotasunaren inguruan mintzatuko dira.
Energia Txirotasuna etxeko beharrak betetzeko adina energia-zerbitzurik ez izateak edo gastu energetikoari aurre egiteko diru-sarreren gehiegizko zatia erabili behar izateak eragiten du.
Energia komunitateek gizarte kohesioa eta ingurumenaren zaintza dute ardatz, gertuko baliabideak potentziatuz energia berriztagarrien instalazioak, mugikortasun jasangarriari loturiko proiektuak eta energia eraginkortasunari loturiko neurriak herritar ororen eskura jartzeko helburuarekin.
Azaroan abiatu zen Lezoko Energia Komunitatearen sorrerarako prozesua. Iratzerri Lezo Ingurumen Elkarteak eta Lezoko Udalak azaroan bat egin zuten prozesua martxan jartzeko. Goiener kooperatibak gidatutako aholkularitza kontratatu zuen Udalak eta Iratzerrirekin batera, herriko hainbat eragile, auzokide eta enpresek prozesurako lankidetza egin dute. Ordutik, zazpi saio egin dituzte, hainbat gai jorratuz, herriaren egoera ezagutu eta Komunitatea osatzeko lehen pausuak emanez.
Egindako lana eta Energia Komunitatea zer den herriari gerturatzeko asmoarekin antolatzen dituzte saioak. Astelehenean Energia Txirotasunez mintzatuko dira, datozen saioetan, aldiz, Eraginkortasun energetikoaz edota Proiektuen Bideragarritasunaz arituko dira.
Antolatzaileek hurrengo hilabetetan gauzagarri izan daitekeen proiekturen bat badagoela aurreratu dute eta herritarrak Energia Komunitatea zer den ezagutzera eta datozen proiektuen berri edukitzera eta parte hartzera gonbidatu dituzte.