10 plan etxetik gertu aste santuan

Ar, 2018-03-27 10:38

Aste Santu honi probetxua ateratzeko ez duzu zertan oso urrutira joan beharrik. Errenterian, Lezon, Oiartzunen eta Pasaian aukera paregabeak aurkituko dituzu, etxetik oso hurbil primeran pasatzeko. Hona hemen Turismo Sailetik proposatzen dizkizugun 10 plan desberdin!

1. Lezo inguruko bideak

Gure hurrengo proposamenak Lezora garamatza. Izan ere herriaren inguruetan dauden mendi ibilbide ugarietako bat egiteko gonbita luzatzen dizuegu. Balizatuta eta seinaleztatuta dauden herri ibilbide hauek distantzia eta zailtasun desberdinak dituzte, erradialak ala zirkularrak, eta naturaz gain, balio handia duten elementu historikoak eta kulturalak eskaintzen dizkigute.

2. Jaizkibelgo itsaslabarrak itsasotik

Pasaiako Mater itsasontzi-museoak, martxoaren 29tik apirilaren 1ra arte, Jaizkibelgo eta Uliako itsaslabarrak ikusteko itsasora irteerak eskainiko ditu egunero. Irteera hauetan Pasaiako portuaz gain, kostalde honek duen geologia berezia ezagutzeko aukera izango dugu. Irteerak 13:00etan izango dira, eta ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea 619 814 225 telefonoan.

3. Interes turistiko izendaturiko prozesioa

Ostiral santuan, martxoaren 30, iluntzeko 20:30ak aldera, galdu ezin daitekeen hitzordua dugu Pasai Donibanen. Argizarizko ehunka lanparek, herri-gune historikoa zeharkatzen duen harriztatutako kalea argiztatuko dute, Ehorzketa Santuaren prozesioak kale estu hau eta bere arkupeak gurutzatzen dituen bitartean.
Euskadin, interes turistikoa duen ekitaldi bezala izendatzen den lehenengo prozesioa izan da Pasai Donibanekoa. Iaz lortu zuen izendapen hau.

4. Pasaiako badian itsasontzian txangoak

Pasaiako badiako uretan itsasontzian txangoa egiteko aukera izango dugu egunotan ere. Izan ere,  Itxaszerbi enpresak irteerak eskainiko ditu Pasaiako badiatik zehar. Bidai hauetan badia inguratuko da portuko instalazioak, Pasai San Pedro eta Pasai Donibaneko herrigune historikoak eta badiaren sarrerako itsaslabarrak ikusteko. Martxoaren 29, 30 eta 31ean eta apirilaren 1 eta 2an, 13:00etan eta 17:30ean eskainiko dira bidaiak eta txartelak eskuratzeko Pasaiako Turismo Bulegora gerturatu behar dugu (943 341 556 / turismoapasaia@oarsoaldea.eus).

5. Altxorraren bila Albaolan

Pasaia utzi aurretik, Pazko asterako azken proposamen batekin gatozkizue Albaolara hurbiltzen zareten familientzat: Altxorraren bila pista jokoa. Etxeko txikienek altxorraren mapa bat jasoko dute. Bertan Txo Mik Mak txikia da protagonista, eta pistak eta erronkak gaindituz, haurrek mapako mezua deszifratzea lortu beharko dute helduen laguntzarekin.

6. XVI. mendeko zorongoak

Errenteriako Erdi Aroko hirigune historikora egingo dugu salto orain, han kokatzen den Jantziaren Zentroa bisitatzeko. Bertan, 1770-1920garren urte bitarteko jantziak ikusteaz gain, XVI. Mendeko zorongoen doako erakusketa bitxia egongo da ikusgai apirilaren 2a arte. Erakusketa iraunkorra ere berritu egin du Jantziaren Zentroak 30 jantzi original berriekin. Aukera bikaina egun hauetan museo bitxi hau ezagutzeko:

Aste Santuan ordutegia ostegun, ostiral, igande eta astelehenean 12:00tatik 14:00etara izango da eta larunbatean 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etik 20:00tara. Gainera, taldea osatuz gero bisita gidatua eskainiko da igandean.

7. San Marko gotorlekua

Aste Santuan egunero irekita egongo da eta apiriletik aurrera Gotorlekuko museoak eta informazio puntuak bere ordutegia zabalduko du eta asteazkenetik igandera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egongo da irekita. Gainera pazko astean, apirilaren 2tik 8ra ere egunero egongo da zabalik. Aukera ezin hobea dugu hau bertan bisita gidatu bat eginaz (2-3€) gotorlekuak dituen sekretu guztiak ezagutzeko, edo eta gure kabuz txoko guztiak miatzeko. Ezin gara San Marko Gotorlekutik joan goiko begiratokiak dituen ikuspegi zoragarriez gozatu gabe.

8. 8 museo sarrera bakarrarekin

Aste Santu honetan aukera ona dugu eskualdeko museoen bonoari esker gure herrietako museo guztiak bisitatzeko. 12,50€-ren truke Albaola, Mater, Luberri, Arditurri, Soinuenea eta Jantziaren zentroko sarrerak barne ditugu, (Victor Hugo museoa eta San Marko ere dohainik). Honek sarreren prezioaren %50eko deskontua suposatzen du, eta gainera urtebeteko epea dugu bonoa erabili ahal izateko. Bonoa Errenteriako eta Pasaiako Turismo bulegoetan eta parte hartzen duten museoetan eskuratu ahal izango dugu.

9. Tren berdearekin Arditurrira

Oiartzunen, Pazko asteko larunbatean, apirilaren 7an, igo zaitez Tren Berdera Arditurriko meategietara joateko! Behin Arditurrin gaudela, bisita gidatua egin ahal izango dugu gainera, oinarrizko zein sakonekoa. Trena Ergoien auzoko Pagoaldetik aterako da 10:00, 11:00 eta 12:00tan, eta prezio bereziak eskainiko dira egun honetan. Erreserbak aldez aurretik egin behar dira: 943 495 069 / 688 895 068).

10. Garagardo dastatze bisita

Euskal Herriko lehenengo artisau garagardotegia bisitatzea izango da Aste Santu honetarako gure azken proposamena.
1998 urtetik Oiartzungo Ergoien auzoan kokatzen da Pagoa garagardotegia, eta bertan bisita gidatu bat egiteko aukera eskaintzen digute orain. Artisau-garagardotegi honen historia ezagutzeaz gain, bertan, osagai erabat naturalekin eta gehigarririk gabe egindako garagardo hori, gorri zein beltza dastatu ahal izango ditugu bisita honetan.
Bisita gidatua hitzartzeko 619 421 153 telefonora deitu edo pagoabeer@pagoa.eus helbidera idatzi beharko da.


Informazio gehiago:

Errenteriako Turismo Bulegoa
Madalen, 3, Errenteria
943 494 521 – turismoa@oarsoaldea.eus
www.oarsoaldeaturismoa.eus

Arloa edo saila