87 auzotarrek parte hartu zuten ‘Altamira guztion artean hobetzen’ prozesuan; 300 ekarpen eta iradokizunetik gora eginez. Udalak ahalbidetutako parte hartze bide guztietatik jaso dira ekarpenak; guztietan arrakastatsuena, maiatzaren 16an jarri zen informazio-karpa
Udal gobernuaren helburua da herria herritarren beharretara ahalik eta gehien egokitzea. Hori dela eta, maiatzaren 12tik 27ra bitartean parte hartze prozesu bat egin zuen Udalak, ‘Altamira guztion artean hobetzen’ lelopean, auzotarrek bertan zer egin erabakitzeko, parkeari buruzko proposamenak jasotzeko eta, bereziki, auzotarren nahiak, beharrak eta iritziak ezagutzeko.
Prozesuan parte hartzeko bide desberdinak eskaini zitzaizkien bizilagunei: etxebizitza guztietara esku-orria bidali zen, posta elektroniko bat sortu zen, Altzate Auzo Elkartean eta igerilekuaren sarreran postontzi bana jarri zen, online inkesta bat sortu zen, maiatzaren 16an informazio karpa jarri zen eta maiatzaren 23an parte hartze tailerra egin zen. Guztira, 87 pertsonek parte hartu dute eta 300 ekarpen eta iradokizun baino gehiago jaso dira; horietatik 200 baino gehiago auzoa orokorrean hobetzeko eta 100 baino gehiago parke anfiteatroa hobetzeko.
Esan bezala, 87 auzotarrek parte hartu dute, gehientsuenek informazio-karparen bitartez. Maiatzaren 16an, 62 herritarrek egin zituzten ekarpenak informazio-karpara hurbilduta. Bestalde, online inkesta 12 pertsonek bete zuten, tailerrean 7k parte hartu zuten, igerilekuan eta Auzo Elkartean jarritako postontzietan 5 auzotarrek utzi zuten etxeetara bidalitako esku-orria beteta eta posta elektronikoz herritar bakar batek egin zituen bere ekarpenak.
Ekarpen eta proposamenak
Altamirako auzoa orokorrean hobetzeko jasotako ekarpen eta proposamenen artean, gehientsuenek irisgarritasunari eta lorezaintzari egiten diote erreferentzia. Halere, besteak beste, argiteria, garraio publikoa eta segurtasuna hobetzearen inguruko ekarpenak ere jaso dira.
Bestalde, Altamirako parke anfiteatroa hobetzeko jaso diren ekarpen eta proposamenak, batez ere, parke anfiteatroa konpontzearen eta estaltzearen ingurukoak dira. Kasu honetan, besteak beste, bertako argiteria hobetzearen eta eremuari kirol erabilera ematearen inguruko proposamenak jaso dira.
Gauzak horrela, parte hartze prozesu honen bitartez proposamen eraikitzaileak jasotzea lortu da. Orokorrean, auzoa bere osotasunean hartzen duten eta herritar guztien onura bilatzen duten proposamenak jaso dira, alegia.
Halaber, parte hartze tailerrean aipatu zen garrantzia eman behar zaiola Altamirako parkeari, izan ere, Lezoren birika baita. Gainera, ingurunearen aberastasun eta aniztasun botanikoa balioan jartzearen beharra ere identifikatu zen.
Gauzak horrela, orain, Udala jasotako proposamenen bideragarritasuna aztertzen ari da, jasotako proposamenak kontuan izanik, Altamira auzoa eta parkea hobetzeko proiektua garatzeko. Proiektua prest dagoenean, honen berri emango die herritarrei.