Argindarraren kontsumoen informazio egokia eskuratu eta kontrolatzeko saio praktikoak Lezon

Az, 2018-05-16 15:39

Tailerra maiatzaren 31n izango da Kultur Aretoan, baina parte hartu ahal izateko hilaren 28a baino lehen izena eman beharko da

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetarako Departamentuak, Lezoko Udalarekin elkarlanean, Gipuzkoa Argitu programaren baitan, elektrizitate-kontsumoari buruzko datuak ezagutzeko eskubidea praktikan jarri eta, hortik abiatuta, erabaki egokiak hartzeko balio duten doako tailerra antolatu du maiatzaren 31n, arratsaldeko 18:00etan, Kultur Aretoan (Donibane kale, 2).

Tailer praktikoan parte hartu nahi duten herritarrek beharrezkoa dute maiatzaren 28a baino lehen izena ematea, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasle kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:

- Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: edurne@izadi21.eus
- Honako telefono zenbakira deitzea: 628-532-303 (astelehenetik ostiralera, 9:30tatik 17:00etara)
- Informazio osagarria: www.gipuzkoaingurumena.eus/eu/argitu

Tailer hauek Gipuzkoa Argitu izeneko programaren baitan kokatzen dira eta helburu dute Gipuzkoako sektore ezberdinetan (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzea eta eraginkortasuna handitzea da modu erraz batean. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, online tutorialak, aurrez aurreko aholkularitza zerbitzua Energia Azoketan, Gipuzkoa Argitu programaren webgunea, eta abar.

Arloa edo saila