Eguraldi euritsuaren ondorioz, lanak egun batzuk gelditzea erabaki da
Datorren asteartean ekingo zaie berriro lanei
Nahiz eta erreka-ertz bat bukatzear dagoen (ezkerreko aldean erremate batzuen faltan daude), euriaren ondorioz erreka oso hazita joan da; jario handia ekarri du eta arriskutsua zen bertan lan egitea. Horretaz gain, lurra oso bustia dago eta zailtasun handiak daude makinarekin lan egiteko. Hori dela eta, egun batzuez lanak gelditzea erabaki zen.
Datorren astean eguraldia hobera egingo duenez, asteartean aurreikusten da lanei berriz ere ekitea. Dena ondo badoa, ezkerreko ertzean gelditzen diren lanak bukatu eta eskuineko ertzean zubia jartzeko behar den egitura egitea da helburua. Horretarako berriz ere zuhaitz-enbor eta harriak erabiliko dira, horren gainean zubiak behar duen hormigoizko oinarria jartzeko. Aipatu beharra dago, orain arte egindako lanek ondo egin diotela aurre euriari eta errekaren uhaldiari, eta ez direla egon higadura arazo aipagarririk.
Lan horiek bukatuta, zubia jartzea faltako litzake bakarrik. Horretarako itxoin beharko da, izan ere, neurrira egin behar dute.
Lan guztiak amaitzean, obren eraginez hondatutako berdegunea txukunduko da eta bukatutzat emango da bioingenieritza obra.
Obraren azalpena
Lanak Baratze Parkeko etxolaren azpian hasi dira, izan ere, puntu hori da, kendu den zubiarekin batera, arrisku handieneko eremua. Erreka-ertz horretan hondeamakina batekin lurra kendu eta oholesi (enborrez osaturiko hesi) bat eraikitzen ari dira. Oinarrizko estruktura hori egiteko 20-30cm diametroko pinu eta akazia enborrak erabiliko dira, 2-4m luzerakoak eta azalik gabekoak .Teknika honekin errekan metro bat irabaziko da zabaleraz, uraren higadurari aurre egiteko eta eremua seguruagoa bihurtuko da. Sahats adaxka-metak erabiliko dira estruktura lanak egiten dituzten enbor bertikalen atzean, sare erara, eta adaxka-meta hauen atzeko aldea lurrez eta landare biziz beteko da. Estruktura natural egonkorra sortuko da obra hauen ondorioz.
Enbor eta sahats adaxkekin batera, harrobiko harria ere erabiliko da zenbait puntutan, batez ere zubi berriaren azpiko eremuan oinarria sendoagoa izateko, errefortzu modura. Horretaz gain, beste biongieritza teknika batzuk ere erabiliko dira beste zenbait gunetan erreka ertzean.