Edukiontzi bidezko sistema berriari buruzko informazio eta laguntza kanpaina

Al, 2017-09-25 11:39

Hilabete hasieran txartelekin batera, informazio gutuna eta Hondakinen Gida banatu ziren sistema berriaren nondik norakoak azaltzeko. Era berean, lezoarrek bi pertsona dituzte beren zerbitzura Hondakinen Bulegoan zalantzak argitzeko edota kontsultak egiteko. Udal webgunean ere Hondakinen atalean sistema berriari buruzko informazioa jarri da herritarren eskura.

Irailaren 18an edukiontzi sistema berria ezarri zen Lezoko udalerri osoan. Sistema aldaketaren aurrean herritarrei laguntza eskaintzeko eta erraztasunak emateko helburuarekin zalantzak argitzeko eta informazioa eskuratzeko bideak areagotu ditu Udalak.

Hilaren hasieran, sistema ezarri aurretik, txartelekin batera informazio gutuna eta Hondakinen Gida bidali zituen Udalak herriko etxebizitza guztietara. Bertan sistema berriaren berezitasunak azaltzeaz gain, herritarren intereseko informazioa jasotzen da. 

Sistema berriaren erabilera zuzena sustatzeko eta herritarrei birziklapen lanak errazteko “Hondakin gai bakoitza bere edukiontzian” atala txertatu zen gidan. Bertan, gai bakoitza zein edukiontzitara atera behar den adierazteaz gain, zalantza sor dezaketen hondakin-gaiei buruzko informazioa ere dago jasoa. 

Hondakinen Gidaz gain, sistema berria ezarri zenetik, 2 pertsona ari dira Hondakinen Bulegoan lanean herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzen eta herritarrei beharrezkoa duten informazioa eskaintzen. Era berean, lezoarrek Hondakinen bulegoan jaso behar dituzte poltsa konpostagarriak, 8:30etik 13:30era bitartean. Kontsultak telefono bidez, 943 52 15 38 deituta,  edota posta elektroniko bitartez, hondakinak@lezo.eus helbidera idatzita, ere argitu ditzakete herritarrek.

Amaitzeko, Lezoko Udalaren webgunean ere hondakinen atalean sistema berriari buruzko informazio guztia jaso da, herritarrek eskura izan eta izan ditzaketen zalantzak argitzeko aukera izan dezaten.

Gai bakoitza bere edukiontzian:

Edukiontzi bidezko sistema berriari buruzko informazio eta laguntza kanpaina honekin sistema berriaren erabilera egokia sustatu nahi du Udalak bilketa emaitzak hobetzea lortzeko.
Udaletik, herritarrak hondakinak gaika ondo sailkatzen jarraitzera animatu dituzte guztion artean, beste hainbat herritan gertatu den moduan, gaikako bilketa datuak hobetzea lortzeko.

Sistema berriak gainera, herritarren behar eta ohiturei modu egokiagoan erantzuten die eta zaborra egunero ateratzeko aukera eskaintzen du, beraz, erosoagoa eta errazagoa da herritarrentzat. 

Arloa edo saila