Udalak, joan den asteazkenean emandako informazioa zuzendu nahi du. Udalak Errekaldeko ekarpen gunea bikoizteko lanak abiarazi ditu. Horrela, maldaren beheko aldean edukiontziak jarriko dira adineko pertsonen beharrei erantzuteko
Joan den asteazkenean Udaletik adierazi zen Errekalde auzoko ekarpen gunea bikoizteko lanak amaituta zeudela. Baina, informazio arazoak direla eta, gaur jakinarazi nahi da hori ez dela zuzena, izan ere, ekarpen gunea bikoizteko lanak abiarazi besterik ez dira egin.
Gauzak horrela, herritarren behar eta eskariei erantzunez, Errekaldeko ekarpen gunean hobekuntzak txertatzeko lanak egiten ari da Udala. Beraz, Udalak Errekaldeko ekarpen gunea bikoiztuko du. Horrela, adineko pertsonek gunera iristeko dituzten zailtasunei irtenbidea eman nahi zaie, izan ere, bertara iristeko malda handi bat igo behar da.
Lanen lehenengo fasea egina dago, hau da, eremua handitzeko hormigoia bota da dagoeneko, eta hurrengo lana egitura metalikoa egitea izango da. Edukiontziak jartzea, ekarpen gunea bikoizteko lanen azken fasea izango da eta, aurreikuspenen arabera, lanak uda amaierarako gauzatuta egongo dira.
Beraz, behin lanak guztiz amaitzean, Errekaldeko ekarpen gunean hondakinak sailkatzen dituzten herritarrek maldaren beheko aldean jarriko diren edukiontzietan ere utzi ahal izango dituzte hondakinak. Hasieratik gunea ez zen maldaren beheko aldean jarri bilketa egiten duen kamioiak bertara ezin duelako iritsi. Baina, egoera hobetze aldera eta herritarrei erraztasunak eman asmoz sortuko da beheko gune berria, eta bertan jasotako hondakinak maldaren goialdeko ekarpen gunera eramango dira kamioiak jaso ahal izateko. Horrela egitea adostu du Udalak Mankomunitatearekin, izan ere, San Markori dagokio hondakinen bilketa ardura.
Txukuntze lanak ere egingo dira
Halaber, Errekalde auzoan txukunketa lanak ere egingo dira aurten. Aurrera eramango diren hobekuntzen artean; argiteria berritu eta parkinga sortuko da bertan dagoen abegi-zentroaren alboan. Lan hauek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean gauzatuko dira, Aldundiaren jabetzakoa baita aparkalekua sortuko den lursaila.