Eskolako Agenda 21eko ikasle ordezkariek Zaratari lotutako euren konpromisoen berri eman eta Udalari eskaerak aurkeztu zizkioten
Aurreko urteetako ohiturarekin jarraituz, Lezoko Herri Eskolako, Lezo Institutuko eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasle zein irakasleen ordezkariak 2017/2018 ikasturteko amaierako Eskolako Agenda 21en azken topaketan izan ziren asteartean. Bertan Miguel Angel Sanchez Ingurumen zinegotziarekin eta Leire Beteta Ingurumen teknikariarekin bildu ziren.
Aurten, Zarata izan dute ardatz, esparru ezberdinak jorratuz: soinua eta zarataren arteko desberdintasunaz ohartu dira eta mugikorrentzako aplikazioa erabiliz ikastetxeen zarata neurtu eta eskolako zarata-mapa osatu dute. Bestalde, herritarren artean galdetegiak egin dituzte eta zuzeneko neurketak egin dituzte herriko hainbat lekutan: Altamiran, Saldisen, Polentzarrenen, kiroldegian… Zarata-iturri nagusiak portua eta trafikoa izan dira; baita jaialdien eta tabernen musika eta kale-garbitzaileen makinak ere.
Ikasleek konpromisoa hartu zuten, besteak beste, ikasgelan eta ikastetxeetako beste eremuetan errespetuz eta doinu egokian aritzeko, hizketan ari dena errespetatzeko, gauzak arrastaka ez mugitzeko eta lasai ibiltzeko.
Udalari ere eskaerak egin zizkieten: Portuak, errepideek eta trenbideak sortzen duten zarata maila gutxitzeko neurriak hartzea; kalean egiten diren musika-emanaldien ordutegia kontrolatzea; zarata kutsadura foko nagusien jarraipena egitea; kotxe elektrikoa sustatzeko onura fiskalak ematea; oinezkoentzako eremuak handitzea; autobusei motorra itzaltzeko eskatzea; zaborra biltzen duten kamioien ordutegia aldatzea; gune berdeak gehitzea; sentsibilitate kanpainak bultzatzea…
Amaitzeko, datorren ikasturtean Eskolako Agenda 21 programan Klima-aldaketa landuko dutela aurreratu dute.