Gaur hasiko da edukiontzi bidezko sistemarako txartelen posta bidezko banaketa

Al, 2017-09-04 10:35

Herritarrek edukiontzi marroia eta grisa zabaltzeko txartelak etxean jasoko dituzte aste honetan zehar. Poltsa konpostagarriak Udaleko Hondakinen Bulegoan jaso behar dira 8:30etik 13:30era bitartean. Edukiontzi bidezko sistema berria irailaren 18an ezarriko da udalerri osoan eta aurrerantzean, herritarrek hondakinak egunero atera ahal izango dituzte.

Lezoko Udalak gaur ekingo dio edukiontzi bidezko sistema berrirako txartelak banatzeari, izan ere, irailaren 18an ezarriko da sistema berria udalerri osoan eta materia organikoaren eta errefusaren edukiontziek txipa dutenez, txartela beharrezkoa izango da horiek zabaltzeko. Gauzak horrela, txartela posta bidez jasoko dute herritarrek beren etxeetan aste honetan.

Udalak txipdun edukiontzien bitartez horien erabilera kontrolatu eta edukiontzi marroira materia organikoa kutsa dezaketen gainerako hondakinak bota ez daitezen lortu nahi du.

Txartelekin batera, Udalak sortutako Hondakinen Gida ere banatuko da herritarrei hondakinen sailkapen eta birziklapenean laguntzeko. Edukiontzi bidezko sistema berriaren ezaugarriak eta herritarren intereseko informazioa aurki daiteke bertan: hondakin bakoitza zein edukiontzitan bota behar den eta garbiguneari, bilketa bereziari eta edukiontzi bereziei buruzko informazioa, besteak beste. Gida honekin ere edukiontzi sistema berriaren erabilera egokia sustatu nahi da bilketa datuak hobetzeko helburuarekin. Udal gobernuaren aburuz sistema berria erosoagoa eta errazagoa izango da herritarrentzat eta horrek posible egingo du bilketa datuak hobetzea. Halaber, hondakinak murriztu eta berrerabiltzea zeinen garrantzitsua den kontzientziatu nahi ditu Udalak herritarrak, birziklapena katearen azken urratsa besterik ez delako.

Amaitzeko, “Hondakin bakoitza bere edukiontzian” kanpainaren lelopean, txartelak jasotzeko zorroa ere banatuko da herritarrek txartela non jaso izan dezaten. Bertan, edozein zalantzetarako telefono eta helbide elektronikoa ere ezarri dira herritarrek eskura izan ditzaten.

Poltsa konpostagarriak jasotzeko, aldiz, herritarrek Hondakinen Bulegora jo beharko dute (8:30-13:30). Poltsa horiek doakoak dira eta soilik materia organikoa biltzeko eta edukiontzi marroian botatzeko erabili behar dira.

Udaletik jakinarazi dute hondakin bilketarako sistema berria irailaren 18an ezarriko dela. Zintzilikarioak kendu eta edukiontziak ezarriko dira eta horrekin batera, egun horretan bertan, ongi etorria emango zaio hondakin bilketa sistema berriari udalerri osoan.

 

Arloa edo saila