Gipuzkoa Argitu egitasmoa aurkeztu da Lezon

Ar, 2018-05-29 14:14

Aurkezpenean parte hartu dute Jesus Mari Martiarena alkateak eta Jose Ignacio Asensio diputatuak. Maiatzaren 31n tailer bat eskainiko da Kultur Aretoan eta helburu du energia kontsumoaren murrizketa lortzea eta eraginkortasuna handitzea; parte hartzeko izen-emate epea tailerraren egunera arte luzatu da, ostegunera arte, alegia

Jesus Mari Martiarenak, Lezoko alkatea; eta Jose Ignacio Asensiok, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua; prentsaurrekoa eman dute gaur udaletxean Gipuzkoa Argitu egitasmoa aurkezteko.

Egitasmo honek helburu du elektrizitate-kontsumoari buruzko datuak ezagutzeko eskubidea praktikan jartzea eta, hortik abiatuta, erabaki egokiak hartzen laguntzeko doako tailerrak antolatzea. Lezon, tailerra maiatzaren 31n, ostegunean, arratsaldeko 18:00tan izango da Kultur Aretoan (Donibane kalea, 2). Tailerrean parte hartzeko aurretik izena eman beharko da eta, hori, ostegunera arte egin ahal izango da, betiere taldean lekua izanez gero.

Jesus Mari Martiarena alkateak adierazi bezala, “herritarrei aukera hau eskaintzea interesgarria da eta haiek ahalegina egitea garrantzitsua da”.

Tailerrean parte hartu aurretik energia kontsumo datuak ezagutzea ezinbestekoa da, hau da; zenbat kontsumitu den edo noiz izaten den kontsumo mailarik altuena, esaterako. Informazio hori ezagututa, maiatzaren 31ean eskainiko den tailerrak balio izango du kontsumoa murrizteko, aplikatzen den tarifa egokitzeko eta kontratatutako potentzia egokia den egiaztatzeko.

Asensio diputatuak esan duenez, “urratsak egiten ari gara Gipuzkoak aurrera egin dezan eredu energetikoaren aldaketan. Gipuzkoa Argitu programari esker, hainbat neurri jarriko ditugu gipuzkoar guztien eskura, neurri horietaz balia daitezen beren etxebizitza, enpresa eta komertzioen zaurgarritasun energetikoa prebenitzeko eta murrizteko”.

Gipuzkoa Argitu egitasmoa

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetarako Departamentuak, Lezoko Udalarekin elkarlanean, martxan jarritako ekimena da. Egitasmo honetan parte hartzeko bide desberdinak daude. Horietako bat tailer presentzialetan izen-ematea da, eta tailer hori maiatzaren 31n, arratsaldeko 18:00tan eskainiko da Lezon. Bestalde, online tutorialak eskuragarri daude sarean eta Energia Azoketan aurrez aurreko aholkularitza zerbitzua eskaintzen da.

Gipuzkoa Argitu ekimenaren inguruko informazio osagarria hurrengo web orrialdean dago eskuragarri: www.gipuzkoaingurumena.eus/eu/argitu

Arloa edo saila