Hondakin gutxiago sortzeko tailerrak, berriz ere, osteguneko azokan

Ar, 2018-02-06 16:29

Joan den astean antolatutako erakustaldiek izandako arrakasta dela eta, Eskualdeko Garapen Agentziak tailer praktikoak eskainiko ditu berriz ere ostegun honetan, otsailaren 8an. Erakustaldiak zehazki 10:45ean, 11:30ean eta 12:15ean izango dira eta beharrezkoa da izena ematea.

Bereiztuta jasotzen diren hondakinen kantitate eta kalitatea hobetzeko helburuarekin abiarazitako informazio eta sentsibilizazio kanpainaren baitan, Eskualdeko Garapen Agentziak, tailer bereziak eskaini zituen joan den osteguneko azokan, erosketetan hondakin gutxiago nola sortu azaltzeko helburuarekin. Erakustaldiek izandako arrakasta dela eta, saioak errepikatuko dira ostegun honetan, Karlos Saldise plazan egin ohi den azokan.

Herritar ugari gerturatu zen azokan ezarritako mahaira informazioa jasotzera eta askok ezagutzen ez zituzten aukeren berri izan zuten. Erakustaldietan ere parte hartzaile ugari izan zen eta hondakinak murrizteko aholku eta aukerak oinarri hartuta benetako erosketak egin ziren merkatuan azaldutako aukerak praktikan jarriz. Halaber, postuetako saltzaileen artean oihalezko poltsak banatu ziren plastikozko poltsen ordez horiek erabiltzeko eta erosleei datorren merkatu egunean erabiltzera animatzeko.

Erosketak modu jasangarriagoan egiteko 3 erakustaldi berri ostegunean:

Kasu honetan ere, 3 erakustaldi gidatu eskainiko dira herritarrei eguneroko erosketetan hondakin gutxiago nola sortu azaltzeko. Horretarako zein aukera dituzten azaldu eta hainbat aholku emango zaizkie herritarrei, hala nola, tupper edo potoak erabiltzea, plastikozko poltsa gutxiago erabiltzea edota horiek berrerabiltzea, besteak beste.

Erosketetan sortzen ditugun hondakinak murrizteko erabil daitezkeen aukeren adibideak erakusgai izango dituzte herritarrek. Halaber, eskuorriak ere eskuratu ahal izango dituzte erosketak egiteko urrezko 10 arauekin (erosketak egitean sortzen ditugun hondakinak murrizteko jarraibideekin) eta hondakinak arazo izateik baliabide izatera igarotzeko, birziklatu aurretik hauek murriztu eta berrerabiltzearen garrantziaz ohartzeko informazioarekin.

3 tailer eskainiko dira: 10:45ean lehena, 11:30ean bigarrena eta 12:15ean azkena. Amaitzean parte-hartzaileei oparitxo txiki bat ere banatuko zaie.

Parte hartzeko beharrezkoa da izen ematea, egunean bertan edo aldez aurretik. Mahai batean kokatuta izango dira Garapen Agentziako kideak eta zalantzak dituen edonor gerturatu daiteke tailerretan parte hartzera.

Izena emateko:

Egunean bertan edota aurretik 943 51 02 00 telefonora deituz izena eman daiteke (Nuria edo Maitane) 9:00etatik 13:30etarako ordutegian. Era berean, interesa duten pertsonek nvitores@oarsoaldea.eus eta maramendi@oarsoaldea.eus posta elektronikoetara ere idatzi dezakete. 

Arloa edo saila