"Landareak lantzen" agenda aurkeztu zuen atzo Jakoba Errekondok

Or, 2017-11-17 10:03

Udalak agenda liburu berria babestu du eta horregatik, Errekondo atzo Lezon izan zen “Landareak lantzen” gida liburua aurkezten. Landareak zaintzeko garai bakoitzean zer lan egin behar den eta nola xehe azaltzen duen liburua da. 

Atzo arratsaldean, Jakoba Errekondok “Landareak lantzen” gida liburu berria aurkeztu zuen Lezon. Izan ere, Lezoko Udalak liburu berri hau babestu du.

Landareak zaintzeko garai bakoitzean zer lan egin behar den eta nola, xehe azaltzen duen gida-liburua da, Antton Olariagaren iruditegiak jantzia dagoena.

2018an denbora plazerez eta ganoraz antolatzeko tresna da aldi berean liburu eta aldi berean agenda den hau.

Zer aurki daiteke liburu honetan? Egileak atzokoan azaldu zuen moduan…

  • Gida-liburuaren lehen orrietan urte sasoien azalpena, Euskal Herriko klima mapa eta urteko ilgora-ilbeheren eta ilberri-ilzaharren zikloen egutegiak daude.
  • 2018ko agenda. Hilabete bakoitzean Antton Olariagaren marrazkiak daude. Epe horretan zer lan egin behar diren eta nola azalpenak ematen dira: baratzean, fruitugintzan, lorategian edo basoan. Orrialde bakoitzak astebeteko agendaren orria erakusten du, esaera batekin. Lurra lantzen dutenek baliatu ahal izango dute aurten egun bakoitzean zer eta nola egin duten xehe idazteko, uzta datorrenean zertan asmatu den eta hurrengorako zer beste era batera egin, ondorioak atera ahal izan ditzaten. Lurra lantzen ez dutenek, bestelako lanen martxa eramateko baliatu ahalko dute, ohiko agenda moduan.
  • Gida-liburuaren amaierako orrietan baratzea egiteko zortzi urrats gida, zein landare zein landarerekin ongi edo gaizki moldatzen den taula eta barazki bakoitzak noiz uzta ematen duen agertzen duen taula, urtaroak planifikatzeko agertzen da.
  • Ongarriketari buruzko taulak agertzen dira, landare bakoitzak zer ongarri klasetik zenbat behar duen. Gaitzen tratamendu naturalak nola egin ere erakusten du.
  • Euskal Herri osoan ekologikoan ekoizten edo eraldatzen duten laborarien zerrenda, herri bakoitzean zein laborarik zer gai egiten duen aurkituko dugu.

Udalak baratze parkeko kideen artean zenbait ale banatuko ditu eta beste ale batzuk baratze parkeko etxolan utziko ditu bertako kideek erabil ditzaten. Gainerakoak, atzo aurkezpenera gerturatu ziren herritarren artean banatu ziren. Beste inork agenda liburu berria eskuratu nahiko balu 12 eurotan dago salgai, internetez, argiaren dendan.
 

Arloa edo saila