Lehen Mugikortasun Planaren idazketa lanetan ari da Lezoko Udala, herri osasungarri eta jasangarriago baten alde

Or, 2020-09-18 17:21

Aipatu Planak Udalak herri atseginago, irisgarriago eta seguruago bat eraikitzeko egiten duen etengabeko lanean urrats bat gehiago suposatuko du.

Aste honetan Europako Mugikortasun astea ospatzen eta eta horri lotuta, Lezoko Udaleko Ingurumen eta Trantsizio Ekologikoko sailak jakinarazi du  gaur egun lehen Mugikortasun Jasangarriaren Plana idazten ari dela Udala. Plan horrek datozen urteetan Udalak mugikortasunaren arloan egingo dituen ekintza guztiak jaso eta antolatuko ditu, udalerri osasuntsuago, jasangarriago eta seguruago bat eraikitzeko.

Mugikortasunak eragin zuzena du lezoarren bizi-kalitatean eta udalerriko jarduera sozioekonomikoan, eta azken urteotan demografia, azpiegitura eta hirigintza mailan egon diren aldaketak kontuan hartuta, gobernu taldeak beharrezkotzat jo zuen mugikortasunaren arloan dauden premia eta eskaera berrien inguruan hausnarketa sakona egitea.

Lezoko Mugikortasun Jasangarriaren Planak bi fase izango ditu:

1- Lezoko egungo egoeraren azterketa eta diagnosia eta mugikortasun arloan dauden erronka nagusien identifikazioa


2- Ekintza-plana osatzea, ezarri beharreko neurri zehatzekin, eta horren jarraipena eta emaitzen balioztapena

José Ángel Sánchezek,  Ingurumeneko eta Trantsizio Ekologikoko ordezkariak, adierazi du Mugikortasun Plana osatzeko ezinbestekoa izango dela herritarren partaidetza. Ildo horretan,  herritarren eta gizarte-eragileen parte-hartzea eta udaleko sailen eta arloen arteko koordinazioa azpimarratu ditu Planaren ardatz nagusi gisa.

Sanchezentzat, Mugikortasun Jasangarriaren Planaren helburu nagusiak ondorengoak izango dira, besteak beste:

  • Lezo guztian zehar herritar ororen irisgarritasuna bermatzea, edozein dela mugitzeko aukeratzen duten garraiobidea.
  • - Garraio kolektiboa indartzea eta motorrik gabeko mugikortasuna sustatzea, bereziki bizikletaren erabilera.
  • Bide zein herritarren segurtasuna hobetzea.
  • Gas kutsagarrien emisioak – berotegi efektua eragiten dutenak, esaterako- eta zaratak murriztea.
  • Energia-kontsumoa murriztea eta energia-eraginkortasuna hobetzea.
  • Hiri-ingurunea erakargarriagoa egitea eta bertako biztanleen eta bisitarien bizi-kalitatea hobetzea.

Mugikortasun Iraunkorraren Plana ez da hutsetik abiatzen, beste urrats bat da; izan ere, azken urteotan, Lezoko Udalak etengabe dihardu lanean mugikortasunaren arloan, kaleak oinezkoentzat eginez, ekipamenduak hobetuz edota edo kontzientziazio- eta informazio-lanak eginez, besteak beste.

Arloa edo saila
Etiketak